Nafarroako Komunitateko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuei eustea bermatzen duen Foru Legea aintzat hartu da
Lan-kontratu mugagabea duten 145 irakasleen lanpostuak eta lan-baldintzak babestu nahi dira, klaseak legezko gutxienekora murrizteak eragin ez diezaien
Parlamentuaren osoko bilkurak onetsi du gaur, Navarra Sumaren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta PSNren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkakoekin, Nafarroako Komunitateko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuei eustea bermatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea.
Navarra Sumak bultzatutako lege-proposamenaren xedea da lan-kontratu mugagabea duten erlijioko irakasleen lanpostuei eustea (145), Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa (LOMLOE) aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzearen ondorioz irakasgaiaren ordutegi-beharretan gertatzen diren aldaketen aurreko baldintzetan.
2022/23 ikasturtetik aurrera erlijio-klaseak LOMLOEk ezartzen duen gutxienekora murriztuko direla aurreikusten denez, arau honekin lanpostuak galtzea eta lanaldiak murriztea saihestu nahi da Aurreikuspenen arabera, 29 irakasle soberan egonen dira, eta 2023/24an beste 27.
Zioen azalpenean adierazten denez, lan-kontratu mugagabearekin Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan erlijioa ematen duten langile horiek, kasu askotan, erretirotik gertu daude. Arau aldaketak direla eta eskola-karga murriztearen ondorioz, urteetan zehar eskuratutako eskubideak ez murrizteko lan egin behar dela argudiatzen da.
Zenbait ñabardurarekin, Nafarroako Gobernuak “desadostasuna” agertzeko eman dituen argudioak bere egin dituzte PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, izan ere, 2023/24 ikasturtean lege-proposamena aplikatzearen kostua 2.563.535,60 eurokoa izanen da, eta hortik aurrera ez gaur egun nominan dauden 145 erlijio-irakasleetako 56k ez lukete eskola-kargarik izanen.
Horri dagokionez, ohartarazten da erlijio-irakasgaiak pisua galtzeak ez dakarrela hezkuntza-sistema osoan eskola-orduak gutxitzea; izan ere, denbora hori beste irakasgai batzuen artean banatuko da, eta, horretarako, beste profil bat duten irakasleen ordu kopuru baliokidea beharko da.
Ondorio gisa, eta lege-proposamenak defendatzen dituen neurriak “finantzatzeko modua zehazten ez duela” nabarmendu ondoren, azpimarratzen da erlijioko langileen kontratazioa, beste edozein diziplinakoa bezala, “ikastetxe publikoen plangintzara eta hezkuntza-beharretara egokitu behar dela. Kontrakoa baliabide publikoen kudeaketa onaren aurkakoa litzateke”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru Lege proposamena (26. NPAO, 2022-02-25ekoa)