Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

Nafarroako Kazetarien Elkargoa sortzeko Legea onetsi du Parlamentuak

Gaitasun eta kalitate maila igoaraziko duela espero da, horrela, arauak eta deontologia kodea zorrotzago betez, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi du Nafarroako Kazetarien Elkargoa sortzeko Foru Legea.

 

Irakurraldi bakarrean sustatu da “207 tituludunek, hau da, Foru Komunitateko sektorearen % 60k” eskaturik, eta beraren bidez “arauak eta deontologia kodea zorrotzago bete daitezen” lagundu nahi da, horrela “lanbide-jardunean gaitasun eta kalitate maila hobea eta, horrenbestez, herritarrentzako zerbitzu hobea lortzeko”.

 

Aplikatu beharreko Estatuko legerian kontrakorik ezarri ezean, elkargoko inskripzioa borondatezkoa izanen da. Elkargoan sartzen ahalko dira Informazio Zientzietako unibertsitateko titulazioa dutenak, Kazetaritzaren eta/edo Ikus-entzunezko Komunikazioaren arlokoa, bai eta Kazetarien Erregistro Ofizialean kazetari gisa izena emanik eta egiaztaturik zeudenak 1982ko uztailaren 1a baino lehenagotik, orduan utzi baitzion ofiziala izateari erregistro horrek. Atzerriko profesionalei dagokienez, agintaritza eskudunak kalifikazioak onartzearen arloan Europar Batasunean indarra duen zuzenbidea aplikatuko da.

 

Legean jasorik dagoenez, Nafarroako Kazetarien Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa izanen da. Berezko nortasun juridikoa izanen du, eta bere helburuak betetzeko eta bere eginkizunetan aritzeko ahalmen osoa. Foru Komunitatea izanen du jarduteko lurralde eremua.

 

Legeria indardunaren eta bere estatutuen bidez arautuko da; estatutuak eratze-batzar batean onetsi beharko dira. Aldez aurretik, Nafarroako Kazetarien Elkarteko zuzendaritza batzordeak, kudeaketa batzorde bihurtuta, sei hilabeteko epean onartu beharko ditu behin-behineko estatutuak. Estatutu horietan elkargoaren eratze-batzarra arautu beharko da, deialdia egiteko modua eta garatzeko prozedura ezarriz. Elkargoa eratzeko bilera horretan behin betiko estatutuak onetsiko dira eta elkargoaren ordezkaritza organoetako karguak bete behar dituzten pertsonak hautatuko dira.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (57. NPAO, 2017-04-07koa)