Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Otsailak 25

Nafarroako Jota Nafarroako Ondare Immaterialeko Interes Kulturaleko Ondasun izendatu izana ospatzeko ekitaldia

“Nafarren nortasunaren erakusgarri den musika adierazpen” hori zaindu eta balioesteko eskatu du Hualdek

Nafarroako Parlamentuan gaur ospakizuna egin da, Nafarroako Jota Nafarroako Ondare Immaterialeko Interes Kulturaleko Ondasun izendatu dutela eta. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak antolatu du ekitaldia.

 

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak azpimarratu du esanahi handia duela “nafarren ordezkaritza organoaren egoitzan ospakizun hau egiteak”, Nafarroako Parlamentuko ataria “kulturaren adierazpide guztiei irekitako gunea baita”.

 

Ildo horretan, Hualdek Nafarroako “aniztasunaren eta kontrastearen balioa” nabarmendu du, “jotaren eta zortzikoaren lurra baita, euskararena eta gaztelaniarena, mendialdearena eta erriberarena”, eta gehitu du Parlamentuan dugula "lur honen askotarikotasunaren adierazpen gorena honelako ospakizunak egiteko”.

 

“Ekitaldi honetan gorazarre egiten diogu jotari, nafarren nortasuna erakusten duen musika adierazpena eta kultura ondarearen azalpen bakana den aldetik”, esan du Hualdek. Madrilgo Erkidegoko lehendakariak egin berri dituen adierazpenez mintzatu da: “Zorionez, legebiltzar honetako taldeak urrun daude maila autonomiko goreneko erantzukizun publikoa hartu duen norbaitek erakuts dezakeen buru zabaltasun murritz horretatik”.

 

Amaitzeko, Navarjota Elkarteari eta Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuari eskerrak eman dizkie azken hilabeteetan Nafarroako Jotari errekonozimendua emateko egindako lanagatik.

 

Rebeca Esnaola Kultura eta Kiroleko kontseilariak goraipatu egin du Nafarroako Jota Nafarroako Ondare Immaterialeko Kultura Intereseko Ondasun izendatu arte egindako lana. Azaroaren 27an onetsitako deklarazio hori “modu eredugarri eta koordinatuan eta elkarlanean” lortu dela adierazi du.

 

Hala, Esnaolak baieztatu du Administrazioari dagokiola “Nafarroako arte adierazpen honen babesaz eta zabalkundeaz arduratzea”, eta “jota hurrengo belaunaldiei transmititu” behar zaiela esan du, “denboran iraun dezan”.

 

Deklarazioaren eskaera sustatu duen Navarjota Elkarteko Mª Ángeles González eta Laly Jaunsorok ere azpimarratu egin dute kultur komunitateak eta administrazioek elkarlanean jardun dutela deklarazioaren onespena erdiesteko, eta horren helburua dela “Nafarroako Jota ezagutzera ematen duen edozein jarduera bultzatu, zabaldu, garatu, babestu eta sustatzea”.

 

Azaldu dutenez, Navarjota Elkarteak NUPeko Ondare Immaterialeko Katedrarekin batera burutu duen prozesuaren barnean hiru lurralde-foro egin dira, eta horietara deitu dituzte jotaren eremu guztietako hainbat pertsona eta erakunde. Hala, “guztiak deklarazioaren alde ia aho batez agertu ez ezik, gogoeta ere egin ahal izan dute Jotaren egungo egoeraz, arriskuak detektatu dituzte, eta babes neurriak proposatu; hori guztia jaso da aurkeztutako memorian”.

 

Informazioa emateko eta parte hartzeko prozesu horren emaitza gisa, Navarjota Elkarteak, ondasun immateriala deskribatzen duen memoriarekin batera, koaderno batean norbanakoen ia 2.000 sinadura aurkeztu ditu, berrogeita hamarretik gora udal eta kultura zein gizarte entitateren atxikimenduez gainera.

 

Alfredo Asiain NUPeko Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendari teknikoak hitzaldia egin du. Jota kantatuaren eta dantzatuaren historia, jatorria, haren inguruko teoriak eta modalitateak jorratu ditu. Arte adierazpen horren etorkizunari eta hura zaintzeko neurriei buruz hausnartu ondoren, baieztatu du Nafarroako Jotak merezi duela adierazpena, “duen berezitasun kulturalarengatik, adierazpide bizia izateagatik eta nortasun ezaugarri nabarmena izateagatik”.

 

Asiainen mintzaldiaren ondoren musika emanaldi batzuk izan dira. Batetik, Navarjota elkarteko jotariak aritu dira jota kantatuaren modalitatean, eta bestetik, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko dantzariak eta fanfarrea aritu dira.

 

Ekitaldira bildu dira, besteak beste, Yolanda Ibáñez Parlamentuko Mahaiko bigarren lehendakariordea eta Maiorga Ramírez bigarren idazkaria; talde parlamentarioetako eledun eta ordezkariak; Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilaria, Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria; Nafarroako hainbat udalerritako alkate eta zinegotziak, eta nafarren etxeetako hainbat ordezkari.