Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 14

Nafarroako ikastetxeetan erabiltzen diren testuen azterketa osoa egin dezan Nafarroako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da

Navarra Sumaren helburua da testuliburuak curriculumari, Nafarroaren errealitate instituzionalari eta Konstituzioaren balioei egoki daitezen

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren aldeko botoarekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez baieztatzen da “azken legegintzaldi honetan ez dela Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak ezartzen duen ikuskapen-lanik egin testuliburuak curriculumari, Nafarroaren errealitate instituzionalari eta Konstituzioaren balioei egokitzeari dagokionez”, eta hori dela eta Departamentua premiatzen da “Nafarroako ikastetxeetan erabiltzen ari diren testuen azterketa osoa egin dezan, honako arlo, etapa eta ereduetan”.

 

Analisi horrek bere gain hartu beharko ditu “D ereduko ikastetxe publikoetan eta itunduetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan “Geografia eta Historia” eta “Euskal Hizkuntza eta Literatura” ikasgaietan erabiltzen diren euskarazko testuliburuak (24/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena), eta D ereduko ikastetxe publikoetan eta itunduetan Lehen Hezkuntzan “Gizarte Zientziak” eta “Euskal Hizkuntza eta Literatura” ikasgaietan erabiltzen diren euskarazko testuliburuak (60/2014 Foru Dekretua, uztailaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen duena)”.

 

Ebazpenak onetsi ez den beste atal bat zuen, Hezkuntza Kontseilaria premiatzen zuena “2016 Foru Agindua deusezta zezan, ez Nafarroako curriculuma ez errealitate instituzionala errespetatzen ez duten testuak Nafarroako hezkuntza sisteman erabiltzea ahalbidetzen baitu”. Navarra Sumak alde bozkatu du baina gainerako guztiek aurkako botoa eman dute.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak hezkuntza administrazioari leporatzen zion “ikuskapen-lana egiteari omisioz utzi izana” eta hori dela eta, “legea ez dela betetzen ari” baieztatzen zuen, “hezkuntza-sisteman Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako lege-irizpideak betetzen ez dituzten testuak erabili ahal izatea uzten baitu”.

 

Ildo horretan, sustatzaileak oroitarazi du 2009-2010 ikasturtean “hezkuntza-administrazioak irakasteko eta ikasteko prozesuaren barruko elementu guztiak ikuskatzeko garatzen duen prozesu arruntean, ondorioztatu zela testuetako batzuek ez zutela Nafarroaren errealitate instituzionala errespetatzen”, eta horregatik Gobernuak Foru Agindu batzuk eman zituela aipatu testuak doakotasun programatik ateratzeko. Salatzen da Foru Agindu horiek aurreko gobernuak indargabetu egin zituela.