Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna dela eta Nafarroako ijitoen elkarteei harrera ofiziala egin die Parlamentuak
Unai Hualdek ijitoen kulturaren balioak azpimarratu ditu eta desberdinkeriaren eta gizarte-bazterketaren adierazpen guztiekin amaitzeko erakundeak duen konpromisoa berretsi du
Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna dela eta, Nafarroako ijitoen elkarteei harrera ofiziala egin die gaur Nafarroako Parlamentuak. “Garrantzi handiko” efemeridea da, 2007an izendatutakoa, “1435eko apirilaren 27an sartu baitziren lehenbiziko aldiz ijitoak Nafarroako lurretan, Artxibo Nagusian gordeta dagoen aztarna dokumental batek erakusten duenez”.
Hala mintzatu da Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, ijito-komunitatearen "kultura, historia eta erresistentziarako eta erresilientziarako gaitasuna" bistaratzeko ekitaldiaren hasieran, bai eta "Legegileak hartutako konpromisoak ere, Europako gomendioen eta Estatuko Estrategiaren esparruan, berdintasun, inklusio eta parte-hartze mailan irekitako arrakalen murrizketan aurrera egiteko, enplegua, hezkuntza eta osasuna bezalako arloetan".
Gauzak horrela, eta "gazteriari eta emakume ijitoei" arreta berezia jarrita, Unai Hualdek "kulturen arteko elkarbizitza" sustatzeko deia egin du, "baita ijitoen aurkako, arrazismo edo diskriminazio edozein egoera salatuz ere. Gizarte plural eta tolerantea eraikitzeko ahaleginak areagotu behar dira, eta horretarako ijito-komunitatearen parte-hartzea erraztera bideratutako plan eta estrategiei baliabide nahikoak eman behar zaizkie", berretsi du.
Amaitzeko, Lehendakariak eskerrak eman dizkio ijitoen elkarte-mugimenduari egindako lanagatik, eta Nafarroako Ijito Erkidegoaren Eguna dela-eta hilaren 8an onartutako Adierazpen Instituzionalean Ganberak jasota utzi zuen bezala, Ijitoen Kulturaren Hilabetearekin lotuta antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
"Gelem, gelem (ibili nintzen, ibili nintzen, erromanieran. Ijitoen nazioarteko ereserkia). Nafarroan, lurralde solidario, konprometitu eta irekian, bidaia hori eraikitzen jarraitzen dugu herritar guztientzako etorkizun hobe baten bila, ijito-herria barne, jakina. Eskerrik asko".
María Jiménezek eta Bruno Jiménezek, Nafarroako ijito-erakundeen ordezkariek, ijito-herriaren historia markatzen duten "jazarpen, zapalkuntza, nahitaezko asimilazio eta sarraskiaren" saiakerak gogora ekarri dituzte, eta ordezkari publikoengana jo dute "ijitoentzako politikek ijitoekin izan behar dutela" jakinarazteko. “Horrek tratamendu politiko berria eskatzen du, gure garapenaren eta gizarteratzearen protagonista izateko aukera emango diguna, erakundeekin eta herritar guztiekin batera".
Ildo horretan, ijito-komunitateko bozeramaileek "gizarte-politiken abangoardian" kokatu dute Nafarroa, eta Parlamentuari proposatu diote "egia, justizia, erreparazioa eta ijito-herriarekin adiskidetzeko prozesuei buruzko batzorde bat sustatzen duen lehen erakunde autonomikoa” izan dadila. Aintzatespena Foru Hobekuntzan sar dadin nahi dugu", adierazi dute.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Ainhoa Unzu, Lehen Lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Bigarren Lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, Lehen Idazkaria, Mikel Zabaleta, Bigarren Idazkaria, Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo Zurekin), Maite Nosti (Vox), Patxi Vera, Arartekoa, Ricardo Hernández, Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioko koordinatzailea, eta honako elkarteetako ordezkariak: La Majari, La Pañi Corella, Pastoral Gitana, Fundación Secretariado Gitano, Sinando Calí Tafalla, Sikaven o Drom Carcastillo, CEIP Cáseda, Kaly Romi Lodosa, Lacho Drom San Adrian y San Fermin Casa Sabicas.