Nafarroako Gobernuari eskatu diote osasun mentalerako arretaren ikuspegia kirol plangintzan sar dezan
Jarduera fisikoaren bidez gazteen ongizate emozionala sustatzearen alde egiten da, bizitzan zehar aurkituko dituzten erronka emozionalei aurre egiteko gaitasuna lantzeko
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren eta Voxen abstentzioarekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bere kirol plangintzan sar dezan, ekintza zehatzekin, osasun mentalerako arretaren ikuspegia, kirol arloko profesionalei zuzentzen dizkien ekintzetan”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, Voxen abstentzioarekin, Foru Exekutiboari eskatzen dio “kirol komunitateari zuzendutako sentsibilizazio- eta heziketa-kanpainak bultza ditzan, kirolak eta jarduera fisikoak osasun mentalaren eta ongizate emozionalaren sustapenean duten garrantziari buruz”.
Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Jarduera fisikoaren eta kirolaren Plan estrategikoan osasun mentalaren arretari buruzko atal bat sar dezan”. UPN eta Vox abstenitu egin dira.
Halaber, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio, UPN eta Voxen abstentzioekin, “gazteenei zuzendutako kirol programazioan, esate baterako kirol jokoetan, sar ditzan osasun mentalaren garrantzia eta arretarako baliabideak”.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “jarrai dezan modu deszentralizatuan garatzen Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak sustatutako kirol errezetaren proiektuak Osasun Departamentuarekin elkarlanean, osasun mentalaren nahasmenduak prebenitzeko zerbitzu gisa eta osasunaren zaintzaren arloan kirolak eta jarduera fisikoak duten balioa nabarmentzeko”. Vox abstenitu egin da eta UPNk aurkako botoa eman du.
UPNk bi zuzenketa aurkeztu ditu, 5. atala aldatzeko beste bat eta bi atal berri gehitzeko beste bat, baina PSN ekimenaren titularrak ez ditu onartu.
Lehenaren asmoa zen Nafarroako Gobernuari eskatzea “jarrai dezan Nafarroa osoan modu ekitatiboan garatzen kirol errezetaren ezarpena, horretarako beharrezkoak diren giza baliabideak, materialak eta ekonomikoak bermatuta”.
Bigarrenak, bestalde Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “berma dezan osasun mentaleko itxaronaldi-bermeen legeko epeak betetzea eta behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak berma ditzan, osasun mentaleko problemak dituzten pertsona guztiei kalitatezko osasun-arreta emateko”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak "kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez ikasleen ongizate emozionala sustatzea" aldezten du, horrela, "bizitzan zehar aurkituko dituzten erronka emozionalei aurre egiteko gaitasuna landuko baitute".
Ildo horretan, nabarmentzen da jarduera fisikoa modu erregularrean egiteak onura fisikoak dakartzala, esaterako egoera kardiobaskularra hobetuz eta gaixotasun kronikoen arriskua murriztuz, eta "gazteen osasun mentalean eta garapen integralean duen eragina" azpimarratzen da, kirolaren berezko balioek "erronka akademiko, pertsonal eta sozialei erresilientzia handiagoz aurre egiten" laguntzen baitiete.
Gauzak horrela, eta estresak, antsietateak eta beste arazo afektibo edo animiko batzuek gizartean, eta bereziki gazteen artean uzten duten arrastoaren berri eman ondoren, proposamena egin duenak gaztetatik osasun emozionala sustatzeko deia egiten du.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (9. NPAO, 2021-09-10ekoa)