Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 1

Nafarroako Gobernuari Belateko tunelen esleipenaren legezkotasunari buruzko txostena Administrazio Kontratazioaren Batzordeari igortzeko eskatzen zion mozioa baztertu egin da

Ganberaren gehiengoak uko egin dio UPNk motibazio faltaz eta berdintasun eta gardentasun printzipioen ustezko urraketaz dituen zalantzak aintzat hartzeari

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen, “ikusirik Belateko tunelak bikoizteko obren kontratuaren esleipenaren inguruan emandako boto partikularrak, espedientea Administrazio Kontratazioko Batzordeari igor diezaion, horrek txostena jaulki dezan esleipen horren legezkotasunari nahiz boto partikularretan adierazi ziren gainerako auziei buruz”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak zalantzan jartzen zuen Belateko tunelak bikoizteko obra-kontratuaren esleipena, uste baitu Mahaiaren irizpidearen aurkako hiru boto partikular egotea nahikoa arrazoi dela idazkariaren, kontu-hartzailearen eta Kontratazio Batzordeko ordezkariaren "motibazio faltari" eta "berdintasun eta gardentasun printzipioen ustezko urraketari" buruzko eragozpenak argituko dituen txosten bat biltzeko.

 

Horretarako, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 119.4 c) artikulua aipatzen da; artikulu horren arabera, Kontratazio Publikoaren Batzordeari dagokio, besteak beste, botere esleitzaileek eskatuta informazioa ematea.

 

Kontratazio Publikorako Batzordea kide anitzeko organo bat da, bere eginkizunetan independentea eta Nafarroako Gobernuan kontratazio publikoaren arloko eskumena duen departamentuari atxikia organikoki, xede duena kontratazio publikoaren sistemaren jarduna egokia dela zaintzea; hori horrela izan dadin, kontratu publikoak esleitzean ilegaltasunik eta jardunbide okerrik egitea ekiditeko zenbait eginkizun ditu esleiturik.