Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Otsailak 27

Nafarroako Gobernuarentzat, enpresa-esparru berrien bilaketa eta fiskalitatea dira industriaren arloan aztertu beharreko arloetako batzuk.

Hori adierazi du UPNk sustatutako interpelazio bati emandako erantzunean. UPNk, berriz, uste du Nafarroako Gobernuak izan ezik, inork ez duela zalantzan jartzen foru industriak arazo bat duela.

Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujok ostegun honetan adierazi duenez, Nafarroako ekonomia “dinamikoa da, baina baditu zenbait erronka”, eta, aldi berean, aitortu du kezkatuta dagoela “zenbait herrialdek bizi duten nazioarteko testuinguruagatik eta horrek foru industrian izan dezakeen eraginagatik”.

 

Parlamentuko Osoko Bilkuran UPNk aurkeztutako interpelazio bati emandako erantzunean, Mikel Irujok ziurtatu du beharrezkoa dela zenbait arlotan hobekuntzak egitea, “hala nola lehiakortasunean, azpiegituretan –horretan ari gara jada–, konektibitatean, industria-lurzoruan eta, bistakoa denez, enpresentzat erakargarriagoa izanen den fiskalitate berri bati buruzko proposamenak izanen dira”.

 

Halaber, aipatu du Foru Komunitatea egiten ari den ahalegina, Nafarroako industria gai izan dadin besteak beste Draghi txostenean ezartzen diren esparru berrietan modu nabarmenean kokatzeko. Besteak beste, aipatu ditu sektore aeroespaziala, biologia sintetikoa, eraikuntza industrializatua, elektronika eta ekonomia zirkularra.

 

Irujok Nafarroako egoera ekonomikoa aldeztu du, eta nabarmendu du 2024an 1.065 merkataritza-sozietate sortu eta 81 desegin zirela. Gainera, azpimarratu du Nafarroa dela Espainiako esportatzaile handiena, eta esportazioen urteko batezbesteko hazkundea % 3,4koa izan dela 2021etik.

 

Halaber, esan du Nafarroako industria-ekoizpenak % 7 egin duela gora 2024ko abenduan, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Gainera, nabarmendu du 88.700 pertsona ari direla lanean Nafarroako industrian, 2015ean baino 23.000 gehiago.

 

Amaitzeko, “azken lanpostua ere defendatuko dugu, ekosistema aldeztuz eta betiere pertsonei lehentasuna emanez”, ziurtatu du kontseilariak.

 

Ana Elizalde (UPN TP) honela mintzatu da: “Nafarroako industrian alarmak pizten ari dira, eta hausnartzera eta pentsatzera eraman beharko gintuzke horrek, esan nahi baitu Nafarroako industriak arazoak dituela, eta hori Nafarroa osoak daki, Gobernuak izan ezik”. “Irujo jauna, oso gogoko duzu makro datuei buruz solas egitea, baina jendeak errealitateak nahi ditu, titularretatik ezin baikara bizi”, azpimarratu du.

 

Javier Lecumberriren hitzetan (PSN TP), berriz, “UPNk aurkezten digun ikuspegi zorigaiztoko, atsekabegarri eta ilun horri aurre egiteko, datuak eman behar dira beste behin ere, objektiboak eta oso argiak dira-eta”. “Nafarroa da langabezia-tasa txikiena duen erkidegoa, eta markak hausten ditu langile-afiliazioari dagokionez: 319.000 langile nafarrek dute lana, eta, horietatik, industria-sektorekoak dira 89.000.

 

Oihan Mendoren (EH BILDU TP) iritziz, “egia da datu ekonomiko orokorrak onak direla, baina datu horiek ez diete ezertarako balio beren lanpostua arriskuan ikusten duten langileei eta etorkizunari ziurgabetasunez begiratzen dioten familia ugariei”. “Gure iritziz, enpresa horien egoera ez da sortu ustezko infernu fiskal horren ondorioz; gertatzen dena da enpresa horiek, nahiz eta mozkinak izan, ez dutela inolako erantzukizunik hartzen edo errotzerik erakusten ez beren langileekiko ez lurraldearekiko”.

 

Mikel Asiainek (Geroa Bai TP) hau esan du bere txandan: “[UPNk] hamar urte daramatza kontu berarekin”. “Azken egunetan kontseilariak eta lehendakariak Nafarroako industriari buruz eginiko iragarpenak ez dira ez inprobisazioz ez eskuinaren presiopean sortu, eta ez dira sortu industria-sektoretik kanpoko eskariei erantzuteko”, azpimarratu du. “Ongi ohartzen gara inguruneaz eta zailtasunez, eta horren arabera egokitzen ditugu gure erantzunak”, gehitu du.

 

Maribel García Malok (PPN TP) esan du Gobernua “nokeatuta” dagoela. “Oraindik ere ez dauka industria-estrategiarik, gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta proiektu industrial berriak erakartzeko balioko duenik. Justifikazioaren eta inprobisazioaren politikan dihardu”, gaitzetsi du. “Kontua ez da guk Nafarroan konfiantzarik ez dugunik, baizik eta ez garela zuetaz fio arazo hau konpontzeko”, esan du bukatzeko.

 

Miguel Garridok (Contigo-Zurekin TP) dioenez, “gaur egun industria-enplegu gehiago dago Nafarroaren historiako beste edozein unetan baino”. “Makro zifrak ongi doaz, eta, bestalde, komunitate honetan bizi diren egoera asko zinez korapilatsuak eta gogorrak dira. Arazoak izaten ari diren enpresak bi egoera hauetako batean daude: edo atzerritarrak dira edo esportazioen mende daude. Izan ere, Frantziaren, Alemaniaren eta Europa osoaren egoerak eta Txinaren bultzadak enpresetan eragiten du, biziki eragin ere”, azaldu du.

 

Azkenik, Maite Nostik (Vox FPE) hau esan du Nafarroan azken urteotan aplikatutako industria-politikari buruz: “alderraia eta konformista izan da, eta ez du eduki epe luzerako estrategia handizalerik”. “Espainiako beste eskualde batzuek jakin dute politika aktiboen bidez beren ehundura produktiboa sendotzen eta inbertsioa erakartzen; Nafarroa, berriz, konplazentzian eta ikuspegirik ezean harrapatuta gelditu da”, adierazi du.