Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 7

Nafarroako Gobernuak osasun azpiegituretarako inbertsio plan bat egingo duela iragarri du, gabeziak iraultzeko

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak uste baitu hazkunde ekonomiko garaian osasunean inbertitzeko apustuak anbizio handiagoa izan behar duela

Santos Induráin Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak baieztatu duenez, Osasun Departamentuak osasun-azpiegituren inbertsio-plan bat landuko du, aitortu baitu egun horrelakorik ez dagoela, eta, esan duenez, aurreko legegintzaldietatik arrastaka dabilen afera da.

 

Horrela, kontrolerako Osoko Bilkuran Navarra Sumak egindako interpelazio bati erantzunez, Indurainek azaldu du "Osasunbidean inbertsioen arloko politikaren azterketa bat egingo dela, inbertsio-plan bat gauzatzeko helburuarekin. Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearekin elkarlanean egingo dugu, eta funtsezko tresna izango da datozen urteetarako", ziurtatu du.

 

Kontseilariak azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da plangintza orokor eta integral bat izatea, epe ertain eta luzerako”, eta nabarmendu du edukiez gain, kudeaketa eta plangintza eredu bat zehaztea ezinbestekoa dela, “paperetik errealitatera doan bide horretan eraginkorragoak izateko aukera emanen digun eredu bat”.

 

Indurainek ziurtatu duenez, "tresna hori jorratzeke dago oraindik", eta azaldu du astearte honetan Osasun Batzordean egindako agerraldian zerrendatu zituen "funtsezko" erronken barruan sartzen dela, hurrengo legegintzaldietarako oinarriak finkatuta uzteko, bai araudi- eta antolamendu-mailan, bai plangintza ekonomikoan.

 

"Gai horiek ezin dira urteko aurrekontu-dinamikaren eta legegintzaldi bakoitzaren gorabehera politikoen mende geratu. Eta egia da egiteke dagoela", berretsi du.

 

Alta, Indurainek adierazi du Navarra Sumako ordezkariak ez direla arlo honetan kritikak egiteko legitimatuenak, eta ziurtatu du egoera hau duela zenbait hamarkada hasi zela.

 

Testuinguru horretan, kontseilariak zehaztu du bere departamentuak azken txanpa honetan hiru helburutan jarduteko konpromisoa duela. Lehenik eta behin, kontratazio-prozesuen eraginkortasuna % 20 eta % 30 artean hobetzea, eta erakundea birdiseinatzea lizitazioaren % 80 baino gehiago lortzeko. "Lizitatzen eta erosten azkarragoak izan behar dugu", zehaztu du. Bigarrenik, Osasunbidean inbentario zentralizatua sortzearen alde egin du (azpiegiturak eta ekipoak). "Espero dugu lehiaketa urtarrilean abiaraztea, irailean esleitzea eta 2023ko apirilerako amaituta izatea”. Hirugarrenik, aipatutako inbertsio-plangintza aipatu du.

 

Gainera, Santos Indurainek balioan jarri du 2021ean Nafarroako Aurrekontuetan Osasun arloak 42,06 milioi euroko inbertsioa jaso zuela, 2020koarekin alderatuz % 17,64ko hazkundea.

 

Hurrengo inbertsioei begira, kontseilariak azaldu du "Nafarroako Aurrekontu Orokorrak formulatzeko unea" dela, "Estatuko eta Europako finantzaketarekin, oraindik zehazteke dagoen arren". Izan ere, Indurainek aurreratu duenez, ostiral honetan Nafarroako Ospitaleguneko zuzendaritza-taldearekin bilduko da alor horretako berriei buruz hitz egiteko, baina ez du honi buruz ezer aurreratu nahi izan.

 

Cristina Ibarrolak (G.P. Navarra Suma) adierazi duenez, "hazkunde ekonomiko garai batean, osasunean inbertitzeko apustua askoz ere anbiziotsuagoa izan behar zen".

 

Ibarrolak adostasuna eskaini dio Gobernuari, kudeaketarekin oso kritikoa izan den arren, eta adierazi duenez, "Administrazio publikoen erabateko betebeharra da azpiegitura eta teknologia sanitarioen beharra behar bezala planifikatzea eta lehenestea, zaharkitze teknologikoa saihestu edo minimizatuko duen berrikuntza-azterlan baten bidez". Hala, plan bat eskatu du, "epe labur, ertain eta luzerako begiradarekin, azpiegitura eta teknologia sanitarioek kalitatezko arreta eman ahal izango dutela bermatzeko".

 

Patricia Fanlok (PSN) adierazi duenez, osasuna "gobernu honen lehentasunetako bat da, eta horrela islatzen da lau eurotik bat osasunera bideratzen duelako eta biztanle bakoitzeko osasunean gehien inbertitzen duen bigarren erkidegoa garelako". Gainera, nabarmendu du osasun azpiegituretako inbertsioak % 15,75 hazi zirela 2021ean.

 

Ana Ansak (Geroa Bai) adierazi duenez, "osasun azpiegituretan inbertitzea funtsezko zutabeetako bat da sistemari eusteko, ahalegin iraunkor eta etengabea eskatzen du eta aurrekontu nabarmena behar du. Sistemaren iraunkortasuna azpiegituretan datza, baina horretarako plangintza zorrotza egin behar da. Garrantzitsua da urte anitzeko gastuen plan bat izatea".

 

Txomin Gonzalezek (EH Bildu) defendatu duenez, "osasun publikoari baliabideak eman behar zaizkio, eta baliabideak emateko aurrekontuak negoziatu behar dira, gure herriek behar dituzten azpiegitura horiek inplementatu ahal izateko tresnak bilatuz. Batzuetan, azpiegitura horiek ezartzen diren udala EH Bilduren esku egongo da, eta beste batzuetan Navarra Sumaren esku, baina beharrezko azpiegiturak izango dira".

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) gogorarazi duenez, "osasun azpiegiturez ari bagara, atzerapen historikoaz ari gara, eta atzerapen horrek zerikusia du gure sistema hobetzeko beharrezkoa den inbertsio kopuruarekin, eta zaila da urtero aurrekontuetan honi ekitea. Horrek urte anitzeko plan bat eskatzen du, guztiok aurrera egiteko konpromisoa hartzea", adierazi du. Hala ere, azpiegituren arloan "legegintzaldi hau aurreko biak baino hobea izango da".

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) defendatu du Gobernuak eta Parlamentuak "konpromisoa" izan behar dutela "azpiegituretan eta teknologian lehen mailako arretak behar dituen hobekuntzei heltzeko plan batekin, indartu beharreko lehen mailako arreta batekin". Hala ere, legegintzaldi honetan alor horretan aurrerapausoak eman direla ere baloratu du.