Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 10

Nafarroako Gobernuak gizarte “anitz eta plural” honetan “elkarbizitza sustatzeko” konpromisoa hartu du

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez, zeinak Gobernuari eskatu dion ez dezan bere egonkortasuna herritarren askatasunaren gainetik jarri

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Ana Ollok, baieztatu du gaur “Gobernuak benetako elkarbizitza sustatzeko konpromisoa” duela, “gizarte anitz eta plural honetan giza eskubideen errespetuan oinarritutako elkarbizitza, aurreko legegintzaldian Gobernuak zuen konpromisoaren pare”.

 

Ana Ollok Osoko Bilkuran Navarra Sumak elkarbizitzari buruz eginiko interpelazio bati erantzunez, baieztatu du Gobernuak “kultura eta erlijio aniztasunarekiko errespetua gailenduko duela gorrotoaren aurrean, eta askatasuna eta segurtasuna bermatuko dituela eta giza eskubideen urraketen biktima izan direnen arreta defendatuko duela”.

 

Kontseilariak azaldu du Gobernuak bost ekintza-lerro jarri zituela martxan toki entitateen arloan, eta legegintzaldi honetan ere mantenduko direla. Lehena, bakea eta elkarbizitza ahalbidetzeko kooperazio programa bat toki entitateekin; memoria historikoaren arloan toki entitateekin kolaborazioa; memoria, elkarbizitza eta giza eskubideekiko sentsibilizazioa; ‘Liburutegiak bakea eta elkarbizitzarako’ programa; eta ‘Bakea eta elkarbizitzarako memoriadun eskolak’ programa.

 

Ana Ollok helarazi du “toki entitateek paper garrantzitsua dutela elkarbizitza iklusibo bat eraikitzeko orduan, herritarrekiko duten hurbiltasunagatik eta parte-hartzeko espazioak sortzeko duten ahalmenagatik”.

 

Baieztatu du gainera, “lau formazio desberdinek adostutako akordioarekin lanean jarraituko” dutela, “elkarbizitzarekiko konpromiso argia” dutela “gizarte plural eta demokratiko baten oinarria” delako.

 

Iñaki Iriartek (Navarra Suma) Gobernuari eskatu dio “iraganeko akatsak errepika ez ditzan. Argi eta irmo ager zaitezte, bila itzazue akordioak elkarbizitzarako eskubidearen defentsan zuen ondoan egon direnekin, ez ezazue jarri zuen Gobernuaren egonkortasuna herritarren askatasunaren gainetik”.

 

Iriartek adierazi du “Nafarroako herri askotan oraindik demokrazia hutsune larriak daudela eta honen aurrean ezin dugula ezikusiarena egin, zenbait herritan abertzaletasuna da egon daiteken iritzi bakarra. Elkarbizitzak irmotasuna behar du zenbait arlotan”, adierazi du.

 

Iriartek grabaketa bat jarri du Altsasun “España Ciudadanaren” ekitaldi batean parte hartzen ari zirenen aurkako irainak erakutsiz, eta baieztatu du “Nafarroan xenofobia endemikoa dela” eta “behingoz esnatzeko” eskatu dio Gobernuari.

 

Ana Ollok erantzun dio “elkarbizitza boikoteatzeko edozein saiakera gaitzetsi” dutela beti, eta herriak izendatzen ez diola elkarbizitzari inolako mesederik egiten.

 

Javier Lecumberrik (PSN) Navarra Sumak gai honen aurrean hartutako “estrategia okerra” deitoratu du, “oinez ibili behar gara, ez korrika ezta iraganean finkatuta ere”.

 

Jabi Arakamak (Geroa Bai) kritikatu du Iriartek bere hitzaldian zenbait udalerri “seinalatu eta estigmatizatu” izana, eta galdetu du ea pasa den abuztuan Leitzan “frankismoaren alde” ospatutako ekitaldian bera egon izanak elkarbizitzari mesede egin ote zion.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) Iriartek grabaketa publiko egin izana gaitzetsi du, eta sentsibilitate eta kultura desberdinen arteko lankidetza aldarrikatu du elkarbizitza eredu gisa. Navarra Sumaren eredua “sinboloen atzetik joatea eta aniztasuna ukatzearen obsesioarekin jarraitzea” dela adierazi du Ruizek.

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) Navarra Suma premiatu du “dena ETA da” teoría alde batera utz dezan, eta Marisa de Simónek (I-E) adierazi du “hemen ezartzen saiatzen ari diren konfrontazioan ez dutela beren burua ikusten”.