Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urtarrilak 27

Nafarroako Gobernuak egonkortasuna eskatu du Hezkuntzari buruzko foru legeari ekiteko

EH Bilduren interpelazio bati erantzunez, non Parlamentuaren egitekoa aldarrikatzen baita adostasun sozial eta politikoan oinarritutako konpromiso zehatzak lortzen saiatzeko

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak, Carlos Gimenok, gaur baieztatu duenez, "egonkortasun sozial, politiko eta finantzarioa behar da, akordioak eta adostasunak behar dira" Nafarroan Hezkuntzari buruzko foru lege bat onesteko.


"Baldintza horiek betez gero, ez dago inolako arazorik Hezkuntzari buruzko foru legeari ekiteko; baina baldintza horiek bete egin behar dira", esan du kontseilariak EH Bilduren interpelazio bati erantzunez, Nafarroako Parlamentuaren Kontroleko Osoko Bilkuran.

Carlos Gimenok azpimarratu du, hala ere, hezkuntzari buruzko ituna lortzeko helburua "uko egin ezinezkoa" dela, "herritarrek ituna nahi dutelako eta itun horren alde lan egin dezagun nahi dutelako, eta nik bide emanen dut itun horren alde lan egiteko".


"Parlamentu honetan kontsentsuren bat ezarri behar da desadostasunen gainetik. Ez naiz ari kontsentsu idilikoez, baina bai desadostasunen gainetik akordioak lortzeaz, batzen gaituen horri begira jartzeaz", esan du. Lege bat onesteko aukeraz, arestian esandakoari eutsi dio: "Baldin eta akordioa badago, adostasuna badago, egonkortasun finantzario, politiko eta soziala badago, egin daiteke legea, zergatik ez? Baina herri honetan Hezkuntzari buruzko lege organiko guztiek izan dute eztabaida, ez delako egon kontsentsurik".

 

Kontseilariak Hezkuntzari buruzko akordio sozial eta politikoaren beharra aldarrikatu du, eta esan du hori jada badagoela aurreikusita legegintzaldirako akordioan. Ildo beretik azaldu du Eskola Kontseilua horretan ari dela eta duela gutxi ituna hartu duela aztergai bere XXVI. jardunaldietan.

 

Itunak ibilbide soziala egin dezake eta ondoren ibilbide politikoa, ez du zertan batak bestea eragotzi. Eskola Kontseiluan gutxienekoen akordioa lortzeko saioa apiril alderako bukatuko litzateke, eta programa-akordioak dagoeneko aurreikusten du plana Parlamentura ekartzea. Gobernua babesten duten taldeekin hitz egin behar litzateke ikusteko zein den tresna parlamentario egokiena hura hona ekartzeko", baieztatu du Gimenok.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu talde parlamentarioa) beharrezkotzat jo du eztabaida egitea prozesu bat bideratzeko, "hezkuntzaren aldeko Nafarroako akordio sozial eta politikoa helburu; legegintzaldi honetan zehar konpromiso zehatzetan gauzatu behar litzateke, lege-elementu zehatzekin, kontsentsu ahalik eta osoena lortuta, eta hori hezkuntzari buruzko lege batean jaso liteke, adibidez".

 

Ruizek aitortu du, ordea, zalantzak dituela "ea benetan prozesu hau bere berme guztiekin aurrera eramateko gogorik ba ote dagoen". Horregatik eskatu du Nafarroako Parlamentua ez dadila "harrizko gonbidatua" izan hezkuntzaren arloko itun horretarako bidean eta ez dadila errepikatu lan erreformaren "lardaskeria", ugazaben eta sindikatuen artean itundu baita alderdi politikoak bazter utzita.

 

Pedro Gonzálezek (Navarra Suma talde parlamentarioa) honako hau adierazi du: "Herri honetan sekula ezin izan dugu hezkuntzako itunik lortu, beti lehenetsi delako eredu sozial baten ezarpena. Seguru nago Espainiako alderdi gehiengodunek hezkuntzaren kudeaketarako dituzten planteamendu teknikoen artean adostasuna dagoela gaien % 80 baino gehiagotan. Gaur, zoritxarrez, PSOEk ezkerra utzi du ezker-muturrean kokatzeko. Sinetsita gaude hori ez dela bidea. Egonkortasuna izateko, ideologiaz hustu behar dira hezkuntzari buruzko legeak".

 

Jorge Aguirrek (PSN talde parlamentarioa) adierazi du bere taldea hezkuntzaren kalitatearen aldeko itun sozial eta politikoaren beharra aldarrikatzen hasi zela jada aurreko legegintzaldian, oposizioan zegoela. "Oposiziotik planteatu genuen Ruiz andrearen esanetan alderdikeria zen proposamen hura". Ondoren esan du legegintzaldirako akordioan aurreikusitako moduan egiten ari dela lana, eta "egoki baino egokiagoa" dela Eskola Kontseiluan egiten ari dena.

 

María Solanak (Geroa Bai talde parlamentarioa) hau adierazi du: "Departamentuak, oraingoz, bere ardura delegatu egin nahi duela dirudi. Ez dugu zalantzarik departamentua lanean ari dela, Gimeno jauna, baina galdera da ea zer ekarpen eginen duen prozesuko arduradun nagusia den aldetik. Orain arte ikusi dugu delegatzea izan dela ekarpen nagusia. Ez duzu saihestu behar zure ardura, eta hala egiten baduzu gaitzetsi eginen dizugu", ohartarazi dio Solanak kontseilariari, eta galdetu dio ea bere gain hartuko duen ala ez "programa-akordioan zure esku jarri genuen lidergoa".

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) ohartarazpen hau egin du: "Pandemiaren une bereziki zaila bizitzen ari gara, eta hezkuntza sisteman izaten ari den eraginak agerian jarri du hezkuntza eredu publiko eta pluralista baterantz erabateko aldaketa egiteko beharra. Hezkuntza ituna "ezin da talde politikoetara mugatu. Adostasun kolektibo ahalik eta zabalenaren alde gaude".

 

Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa) gogora ekarri du hezkuntza ituna aurreikusita dagoela programa-akordioan, baina "esaldi eginetatik harago" joan beharra dagoela baieztatu du. "Gutxieneko akordioetara iritsi ahal da hezkuntza nola antolatuko dugun zehazteko. Ez nago hemen eguzkiari topa egiteko, gauza zehatzera jo behar dugu. Ez dugu hezkuntza lege propiorik behar, baizik eta lege organikoen garapena, ikasleei arreta hobea eman ahal izateko", nabarmendu du.