Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 13

Nafarroako Gobernuak aldezten du euskararen prestigioa "borondatezkotasunetik eta balio erantsi gisa" susta dadila

Hala erantzun dio EH Bildu-ren interpelazioari. EH Bilduk jo du "Hiruko Ituna" protokoloan euskararen sustapenaren alorreko "gabeziak" daudela.

Nafarroako Gobernuko Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo andreak nabarmendu du ezen Nafarroako exekutiboak, beste erakunde publiko eta pribatu batzuekiko lankidetzan, "urteak daramatza[la] euskararen sustapen, ikasketa eta erabilera sozialari bultzada ematen, borondatezkotasunetik, euskara gure lurraldearentzat eta bertako biztanleentzat balio erantsi bat izatearen ikuspegitik, eta herritarren hizkuntz eskubideen errespetuan aurrerapausoak emateko bokazio argiarekin".

 

Hala aldarrikatu duEH Bilduk aurkezturiko interpelazio baten kariaz, euskararen sustapenerako 'Hiruko Ituna' protokoloari buruzkoa. Itun hori 2021-2025 eperako sinatu zuten Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak, eta aurten berritu beharra dago.

 

Ollok azaldu duenez, lehenbizikoz 2017ko uztailean sinatu zen protokolo honekin, "hiru erakundeok elkarlanerako konpromisoa hartzen dugu, errealitate politiko eta soziolinguistiko desberdinak kontuan harturik eta betiere indarreko zuzenbideak lurralde bakoitzari ematen dizkion eskumenen esparruan jokaturik, euskararen sustapenarekin zerikusia duten estrategia, proiektu eta jarduera desberdinetan".

 

Esan du "tresna egokia d[el]a euskararekin zerikusia duten esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko eta proiektu komunak bultzatzeko". Azaldu duenez, "hainbat arlotan ohiko elkarlana egiten dugu, hala nola helduentzako hezkuntza eta euskararen irakaskuntzan, euskararen erabileraren sustapenean, euskararen eta horren sustapenaren aldeko hausnarketan, hainbat ikerketa soziolinguistikotan eta Europaren esparruko lankidetzan".

 

Halatan, aipagai hartu ditu euskara online ikasteko plataforma digitala, POCTEFA deialdietara aurkezturiko zenbait proiektu, edo Euskaraldia ekimena, zeinaren hurrengo edizioa aurtengo maiatzean izanen baita. Bestetik, hiru administrazioen artean euskararen erabileraren adierazleen sistema baterako elkarlana egin da, eta, iragarri duenez, aurten hasiko da 8. inkesta soziolinguistikorako lana. Inkesta hori 2026an eginen da.

 

Eneka Maiz (EH Bildu t.p.) andreak adierazi du hitzarmen hau hizkuntza-politikaren alorreko tresna oso garrantzitsua dela, baina "gabeziak" daudela deritzo, hitzarmen hori berritzean aurrerapauso kualitatibo baten bidez konponduak ikusi nahi lituzketenak. Horregatik erreibindikatu du hurrengo hitzarmenak izaera juridiko sendoagoa izatea, konpromiso handiagokoa izan dadila, ez dadin garai bakoitzaren borondatearen eta ahalen mende gera.

 

Isabel Olavek (UPN t.p.) esan du Nafarroako euskara-erabileraren emaitzak etsigarriak direla edozein euskaltzalerentzat, eta adierazi du Nafarroako Gobernua ez dela "asmatzen" ari bere "inposaketa" politikarekin. Halaber esan du ezen Iparralden euskararen atzerakada geraezina pairatzen ari dela, 1996ko % 26tik gaur egungo % 20ra pasaturik; bitartean, Euskadin "Bigarren Hezkuntzako ikasleen % 34k euskararen ezjakintasun sakona" dutela omen da hizpide.

 

Inma Juríok (PSN t.p.) deritzo ezen Nafarroako Gobernua "asmatzen ari d[el]a esparru egoki batean, zeina baita amankomuneko aferetan administrazio desberdinak lankidetzan aritzea, lurralde bakoitzeko desberdintasun sozial eta politikoak errespetatuz". Euskararen sustapena dela-eta eskuinak darabilen politika "negazionista" kritikatu du, bai eta nabarmendu ere ezen UPNren gobernuetan gai honetako aurrekontua "zero" zela.

 

Mikel Asiainek (Geroa Bai t.p.) azpimarratu du ezen hitzarmen honekin "agerian geratzen d[el]a auzolana", eta espero du 2025-29 eperako berritua izan dadila, euskararen irakaskuntzaren garapenarekin, helduen euskalduntzearekin, segitzeko, bai eta "elkarlanean lan eginez ere, ebaluazio- eta akreditazio-probak eta sistemak taxutzeko".

 

Javier Garcíak (PPN t.p.) esan du PSNren euskara-sustapenarekiko jarrera "aldatu egin" dela, "botereari egun bat gehiagoz eusteko duen interesarengatik". Hark deritzonez, "Gobernuak euskararen inposaketa darabil", eta eskatu du "nazionalistek eta PSNk kaleari entzun" diezaiotela eta "nafar gizartea zein errealitate linguistikotan dagoen ikus" dezatela.

 

Carlos Guzmanek (Contigo-Zurekin t.p.) agertu du hiru administrazioen arteko hitzarmena "aukera egokia d[el]a euskara sustatu eta hari eusteko ahaleginak bateratzeko". Apustu egin du "euskararen jakitea hiztun-komunitate berriei hurbiltze"aren alde eta "euskaldun-belaunaldi berriek hura erabil dezaten sustatze"aren alde, fokua jarririk pertsonarteko harremanetan, eta euskara "balio positiboekin eta elkarbizitzarekin uztarturik".