Nafarroako Gobernuak akordioa egin du EH Bildu Nafarroarekin 2021eko Nafarroako Aurrekontuak onartzeko
Testuan, sinatzaileek konpromisoa agertzen dute “COVID-19aren pandemiaren ondorioei aurre egiteak dakartzan erronkei erantzuteko”
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuekiko konpromiso-hitzarmena sinatu dute. Horri esker, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzen ahal izanen da.
Akordioak dioenez, bi aldeen arteko elkarrizketetan egiaztatu da “hain une zail hauetan inoiz baino premiazkoagoa dela ikuspegi zabalarekin jokatzea, pertsonengan pentsatuz, baita erantzukizuna nork bere gain harturik Nafarroako herritarren beharrizanak asetzea jarduera-ildotzat hartzea ere”.
Hartara, akordioaren oinarria hainbat irizpide eta printzipiok osatzen dute, zeinak, sinatzaileen ustez, “oinarrizkoak eta ezinbestekoak baitira COVID-19aren pandemiaren ondorioei buru egiteak dakartzan erronkei erantzuteko, baita herritarren eta, bereziki, langileen eta prekaritatean dauden pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko ere”.
Dokumentuan, partekaturiko zenbait lehentasun daude adierazita: krisiari ikuspegi sozialarekin aurre egitea, inor gibelean utzi gabe, hau da, aitzineko krisian erabili zirenen aurkako irizpideekin; zerbitzu publikoak sendotzeko konpromisoa hartzea, eta irmo ekitea, maila publikoan, zaintzaren eta gizarte-babesaren alde; osasunerako, hezkuntzarako, eskubide sozialetarako, kulturarako eta enplegu-politiketarako baliabideak handitzea, eta baliabide horietara bideratzea 2021eko aurrekontuetako gastu-mugaren igoeraren zatirik handiena, Europar Funtsen aplikazioa edozein dela ere; pertsonen beharrizanak, errentagarritasun soziala eta lurraldearen kohesioa izatea irizpide nagusiak azpiegituretarako baliabideak lehenesteko; argiki eta irmoki ezartzea ingurumen-jasangarritasuneko politikak, eta konpromisoa hartzea bestelako politika fiskalaz hausnartzeko gaur egungo osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisia gainditutakoan , justizia sozialerantz eta baliabide propioen sorkuntzarantz urratsak egiteko.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak eta EH Bildu Nafarroak fiskalitatearen eta aurrekontuen alorreko hainbat kontsentsu erdietsi dituzte akordioa bermatzeko. Kontsentsu horien arabera, EH Bilduk konpromisoa hartzen du Parlamentuko edozein taldek aurkezturiko balizko osoko zuzenketen aurka bozkatzeko, eta 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua onartzea ahalbidetzeko.