Noiz argitaratua Ostirala, 2014.eko Maiatzak 9

Nafarroako Gobernua zerga-erreforma integralaren proiektuan hainbat neurri sar ditzan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

PPNk zerga sistemaren oinarriak berritzea beharrezkoa dela baieztatzen zuen, krisitik ateratzen lagun dezaten gizarte kohesio handiagoaren mesedetan

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin eta PPNk haren alde eman duen botoarekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “zenbat neurri jaso ditzan zerga-erreforma integralaren proiektuan”, haien artean, “PFEZaren aitorpenetik salbuestea 14.000 euro baino gutxiagoko lansaria duten zergadunak”.

Testuinguru horretan eta “gizarte kohesioaren mesedetan”, eskatzen zen “zerga kenkariak hobetzea familiei, seme-alabengatiko eta aurreko ahaideengatiko gutxieneko pertsonalak igoz, bai eta krisiak larri kaltetutako beste kolektibo batzuei eta eskueran baliabide gutxiago dituzten beste batzuei ere”.

Era berean, hainbat kenkari aurreikustea eskatzen zen: “kenkariak hezkuntza-gastuengatik; 35 urtetik beherako gazteentzat, etxebizitza alokatzeagatik; eta gazteentzat, ohiko etxebizitza berriztatu edo zaharberritzeagatik”.

Era berean, eskatzen zen “salbuetsitako gutxienekoa -311.023 euro- 700.000 eurora igotzea, eta ondarearen gaineko zerga arian-arian kentzeko aukera aztertzea”.

Aldi berean, eskatzen zen “aurrezpena sustatzea, kapital-errendimenduen zerga-ordainketa murriztearen bidez” eta “landa ingurunean bigarren etxebizitza erosteagatiko edo zaharberritzeagatiko kenkaria”.

Ekimenaren titularrak, PPNk, ez du onetsi Bildu-k aurkeztu duen ordezkatze zuzenketa, zeinak defendatzen zuen “Estatuarekin dagoen hitzarmen ekonomikoak aitortzen dituen autogobernurako aukerak ahalik eta gehien aztertu eta baliatzea hartara zerga figura guztiak sakontasunean berrikusteko, halako moldez non lortu nahi diren xedeetarako lagungarri eta eraginkor izan daitezen”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen mozioak Gobernuak hurrengo ekainerako iragarri duen zerga-erreforma aipatzen zuen eta, horren harira, baieztatzen zuen beharrezkoa dela “zerga sistemaren oinarriak berritzea”, halatan, “krisitik ateratzen lagun dezaten” “gizarte kohesio handiagoaren mesedetan”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 38. zk., 2014-03-14koa)