Nafarroako Gobernua, udalak eta alderdi politikoak premiatzen dira herrietako jaiak anitzak eta integratzaileak izateko lan egin dezaten
Ganberak legezkotasun-printzipioa, pluralismoaren onarpena eta aniztasun politiko eta identitarioarekiko errespetua aldarrikatzen ditu jaietan bizikidetza bermatzeko
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Ganberak gaitzetsi egiten baitu “muturreko taldeek jaietako gune eta aldiak propaganda politikorako erabiltzea”.
Helburu horrekin, Nafarroako Gobernua, udalak eta alderdi politikoak premiatzen ditu “lan egin dezaten festetan zehar bizikidetasuna hobetzeko eta lortzeko festaguneak izatea anitzak, integratzaileak eta baimendu gabeko propaganda politikorik, bandalismorik eta gorroto eta muturreko mezurik gabeak, bai eta terrorismoagatik eta gisako delituengatik preso daudenak omentzeko eta goraipatzeko ekintzarik gabeak ere”.
Helburu horrekin, premiatzen ditu “eremu publikoetatik berehala ken dezaten asmo horren aurka doan mezu oro”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “gizarte demokratikoak gizarte totalitarioen aldean bereizten dituen isilbidezko adostasun soziala gauzatzearen” alde egiten du, “eztabaida eta ideiak libreki zabaltzea alde batera utzi gabe”. Hala, jai herrikoiak “propaganda politikorik gabeko eremu” izateko deia luzatzen du, “Nafarroako gizarte osoaren ondare kulturala baitira”, eta “onartezintzat” jotzen du zenbait talde politikok, “batez ere ezker abertzalearekin eta muturreko ezkerrarekin loturik daudenek”, eremu hauek haien intereserako erabiltzea.
Hala, jarduera horiek “bizikidetzari egiten dioten kalte larriaz jabetzeko” eta jai-eremuen gozamena “ikuspegi neutral eta partekatu batetik” defendatzeko gonbitea egin ondoren, “legezkotasun-printzipioa, pluralismoaren onarpena eta aniztasun politiko eta identitarioekiko errespetua” aldarrikatzen dira, “istiluak, erasoak, mehatxuak edo polizia-kidegoekiko hertsapenak eragin ditzaketen” portaera oro arbuiatzeko.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (109. NPAO, 2022-10-04koa) (BOPN, n.º 109, de 04-10-2022)