Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da txosten bat egin dezan Trumpek sustatutako muga-zergen gorakadak lehen sektorean eta nekazaritza-industrian izaten ahal duen inpaktuari buruz

Neurri konpentsagarriak eskatzen dira, Nafarroaren posizioa babesteko nazioarteko merkatuetan mundu-merkataritzaren arauetan izaten ahal den distortsiotik

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur (PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN abstenitu egin da eta PPNk eta Voxek aurka bozkatu dute). Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak “Trumpen gobernuak ezar litzakeen muga-zergen aurka dagoela adierazten du”.

 

Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badu, eta, horren bidez, Legebiltzarrak “babes osoa ematen dio gure komunitateko lehen sektoreari (nekazariak, abeltzainak eta nekazaritzako elikagaien arloko enpresak)”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen da “Nafarroako lehen sektorearen interesak defenda ditzan Europar Batasunean eta nafar ekoizleak babesteko neurriak har daitezen exiji dezan, Trumpek ezar ditzakeen muga-zergek izan ditzaketen ondorio negatiboen aitzinean”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “txosten bat egin dezala, muga-zergek lehen sektorean eta nekazaritzako industrian izanen luketen inpaktuari buruz, bertan jasota zer konpentsazio-neurri hartu beharko liratekeen muga horien ondorio kaltegarriak arintzeko”.

 

Zioen azalpenean, PSNk sustatutako erabakian aldarrikatzen da Nafarroak nazioarteko merkatuetan duen posizioa defendatu behar dela “aldebakarreko” erabakien aurrean –eredu garbia da Trumpen Gobernuak hartutakoa–, horiek mundu-merkataritzaren arauen aurka egiten baitute, esate baterako, kasu honetan bezala, nekazaritzako elikagaien industria bereziki kaltetuko lukeen “zergapetze bikoitz” bat ezarrita.

Horri dagokionez, eta ohartarazi ostean muga-zergek Nafarroako produktuek Estatu Batuetako merkatuetan duten “lehiakortasuna murrizteaz gainera”, “tokiko balio-kateetan inpaktu negatiboa eraginen” dutela, azpimarratzen da ariel-karga gehigarri horrek arriskua ekarriko duela “giltzarri diren sektore produktiboen jasangarritasunerako”, eta lehen sektorerako bereziki, zeinen papera funtsezkoa den “landa-ingurunearen jasangarritasunerako eta bizitasunerako”.

 

Bukatzeko, proposizio-egileak azpimarratzen du Estatu Batuak “seigarren postuan daudela Nafarroako esportazioen hartzaileen artean”; hain zuzen ere, “580 enpresak” han kokatu zituzten beren produktuak 2023. urtean, eta ez da datu makala.