Nafarroako Gobernua premiatzen da Tuterako eta hango eskualdeko osasun barrutian anbulantzia berezitu bat para dezan COVID-19 pazienteentzat
Osasun-garraioa berriz ere publikoa izateko ezarri beharreko prozedura ezar dezan eskatzen da, osasun-laguntza segurua eta lan-baldintza duinak bermatzeko
Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin (Podemos-Ahal Dugu ez da saioan izan), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “anbulantzia berezitu bat para dezan Tuterako eta eskualdeko osasun barrutian COVID-19a izan dezaketela uste den edo COVID-19a daukatela baieztatuta dagoen pazienteentzat”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “albait lasterren ezar ditzan Eriberan osasun-garraio zerbitzu optimoa bermatzeko ezarri beharreko prozedurak, gainerako kate asistentzialaren araberakoa, osasun-laguntza segurua emanen duena eta lan-baldintza duinak bermatuko dituena”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “osasun-garraioa berriz ere publikoa izateko ezarri beharreko prozedura ezar dezan”. Navarra Suma abstenitu egin da atal honetan.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Erriberako osasun-garraioaren egoera “prekarioa” salatzen du, baita zerbitzu horren enpresa adjudikazio-hartzailearen kudeaketa “negargarria” ere, zeinak 2018ko abenduaz geroztik “bidegabeki aberasten jarraitzen baitu”, kontratua orduan bukatu baitzen.
Sustatzaileak azpimarratzen du Covid-19aren eraginez egoerak okerrera egin duela, eta egun oraindik ere enpresak “ez daukala COVID-19a ustez daukaten gaixoak edo positibo baieztatuak direnak garraiatzen zituen anbulantzia; oinarrizko bizi-euskarriko beste bi ibilgailuetan garraiatzen dira horiek”, eta, halatan, handitu egiten dira itxaronaldia abisuetan eta kutsatzeko arriskua.
Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan egon dira Marta Álvarez, Ángel Ansa, Yolanda Ibáñez, Raquel Garbayo, Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte(Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• Mozioa (96. NPAO, 2020-09-15ekoa)