Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Azaroak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da sor dezan ibilbide kultural bat arte urbanoaren alorreko ondarea duten udalerri nafarretan zehar

Parlamentuak aitortzen du arte urbanoak ondare eta arte arloko balio izugarria duela eta hiriak dinamizatzen dituela turismoaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren ikuspegitik

Kultura eta Kiroleko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra ez dira bilkuran izan), zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aitortzen baitu “arte urbanoak, ondare eta arte arloko balio izugarria sortzeaz gain, hiriak eta bizigune txikiak dinamizatzen dituela turismoaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren ikuspegitik”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “egin dezan lanetarako laguntza eta finantziazioa emateko plan bat, hala eskatzen duten udalerriek baliatu ahal izateko, aldi berean lanak kontserbatzeko, zaintzeko eta babesteko balioko duena, aurkezten diren unetik bertatik eta handik aurrera”.

 

Era berean, Exekutiboa premiatzen da “sor dezan ibilbide kultural bat arte urbanoaren alorreko ondarea duten udalerri nafarretan zehar, eta sustatu dezala ibilbidea turismoaren eta ondarearen ikuspegitik erakargarria den elementu gisa”.

 

Bestalde, Gobernuari eskatzen zaio “Kultura eta Kirol Departamentuak sustatu ditzala herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko zikloak, topaketak eta kanpainak, arte urbanoko obrak ezagutarazteko, babesteko eta zaintzeko, eta arte urbano ez diren edo bandalismo huts diren elementuetatik bereizteko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak hiriko artearen balio turistiko eta kulturala defendatzen du. Adierazpen-modu hau “gizarte-salaketarako tresna gisa” sortu zen, eta denborarekin “normalizatzen, hedatzen eta gizartean ezartzen joan da kultura garaikidean”

 

Ildo horretan, gaineratzen du arte urbanoak espazioen erakargarritasuna hobetzen duela eta kultura-egitura bat sortzen duela, eraikinak eta hormak duintzeaz gain, eta  proposamena egiten duenak hiriko artea bultzatzearen alde egiten du, “ingurunea inplikatzeko eta dinamizatzeko iturri baita, bertako artisten eta bizilagunen artean auzoak zaintzeko eta mantentzeko indarrak bateratuz”.

 

Horregatik guztiagatik, ”aukera hori gure kultura eta turismoa sustatzeko aprobetxatzearen” alde egiten da, eta, besteak beste, ibilbide kultural bat sortzea eskatzen da hiri-artearen ondarea duten Nafarroako udalerrien artean -Tudela, Zangoza, Uharte edo Iruñea-, eta bide hori zabaltzea turismoa eta ondarea erakartzeko elementu gisa.

 

Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Iñaki Iriarte, Raquel Garbayo, Miguel Bujanda, Javier García (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Patricia Fanlo, Carlos Mena (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai) eta Txomin González (EH Bildu).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (114. NPAO, 2022-10-14koa)