Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da Sendagaien Europako Agentziak onetsitako medikamentu berrietarako sarbidea arindu dezan

Europak gaitz onkologikoetarako onetsi dituen medikamentu berriek segurtasunaren, diagnostiko genetikoaren eta medikuntza pertsonalizatuaren esparruetan dakarten aurrerapena azpimarratu da

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur Nafarroako Gobernua “premiatzeko Sendagaien Europako Agentziak onetsitako medikamentu berrietarako sarbidea arindu diezaien horien beharra duten onkologiako pazienteei, eta bereziki alternatiba terapeutikorik ez duten mutazioen kasuetarako eta behar duten beste paziente batzuen kasuetarako ere bai, Osasun Departamentuaren bidez eta Osasun Ministerioaren Medikamentuen Prezioetarako Ministerio arteko Batzordearen esparruan”. UPN, PSN, Contigo-Zurekin, PPN eta Vox talde parlamentarioek aldeko botoa eman dute. Gero Bai abstenitu egin da.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Foru Gobernua premiatzen da “O-NOZen bitartez biriketako minbiziaren baheketa egiteko proiektu pilotua sustatu dezan, biztanleriarentzako programa bat ezartzeko aukera aztertzeko, minbiziaren detekzio goiztiarra egiteko gainerako programen osagarria izan dadin (bularrekoa, kolonekoa eta umetoki-lepokoa)”. PSN eta Gero Bai abstenitu egin dira.

 

Horrez gain, hirugarren apartatuan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “O-NOZen onkologiako pazienteentzako medikuntza pertsonalizatua sustatzen jarraitzeko, diagnostiko molekularreko tekniken bitartez”. Vox abstenitu egin da.

 

Azken bi puntuak UPN taldeak egin duen eta ekimenaren titular diren PSN, EH Bildu, PPN eta Contigo-Zurekin taldeek onetsi duten zuzenketa baten bidez gehitu dira.

 

Zioen azalpenean, PSN, EH Bildu, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek sustatutako erabakiak bere egiten du Biriketako Minbizia duten Pazienteen Espainiako Elkartearen ekimena, Sendagaien Europako Agentziak jadanik onetsi dituen baina oraindik ere arrazoi burokratikoengatik edota Ministerioaren finantzaketa arrazoiengatik atzeratzen ari diren medikamentuak ahalik eta arinen eskura jartzeko. Atzerapen hori kasu batzuetan bi urtetik gorakoa izan da, eta erabakigarria izan daiteke pronostiko ezezaguna duten gaixotasunetan, hala nola minbiziaren kasuan.

 

Adierazten denez, egoera horrek “neurri berean eragiten die osasun publikoko eta osasun pribatuko pazienteei”, eta azpimarratzen da diagnostiko genetikoak eta medikuntza pertsonalizatuak garrantzi handia dutela; izan ere, esparru horretan kokatzen dira Europak minbizia tratatzeko onetsi dituen medikamentuak, eta horien segurtasun profila ere hobetu da.

 

* EH Bildu talde parlamentarioak bat egin du greba orokor feministarekin, eta, arrazoi horrengatik, ez du parte hartu osoko bilkuran.

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoEnmienda G.P. UPN