Nafarroako Gobernua premiatzen da plan bat abiaraz dezan, helduen artean hizkuntzen ezagutzaren akreditazioa sustatzeko
Hizkuntzen mailaren akreditazioaren bidez Nafarroako giza kapitalaren kalitatea eta leihakortasuna hobetzea bilatzen da
Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “plan bat abiaraz dezan helduen artean komunitate honetako hizkuntza berekien akreditazioa sustatzeko, baita atzerriko hizkuntzena ere, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren, Hezkuntza Departamentuaren eta atzerriko organismo batzuen bidez”. Geroa Baik aurkeztu duen eta Navarra Sumak, ekimenaren titularrak onetsi duen ordezteko zuzenketa baten fruitua da atal hau.
EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak ezetsi duena, eta proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “prestigio berezia eman diezaion euskararen ezagutzari, bai eta horren akreditazioari ere, eta bermatu dezan funtzio publikoan sartzeko merezimendu-baremoek hizkuntza bereki gisa balora dezaten”. Gainera, proposatzen zen “bideak ezartzea euskararen borondatezko ikaskuntza pixkanaka eskubidetzat hartua izatea eta, beraz, herritarrentzat doakoa”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Bizi-baldintzei eta Gizarteari buruzko 2018ko Inkestak emandako datuak hizkuntzen maila akreditatzen duen titulazioen kopuruarekin bat ez datozela azaltzen du, izan ere, inkestak emandako datuek erakutsi zuten “Nafarroako biztanleen artean pertsona-portzentaje handi bat dagoela ingelesez, frantsesez eta euskaraz ongi ala nahiko ongi hitz egiten duena”, eta titulazioren bat duten pertsonen portzentajea “askoz ere txikiagoa da”.
Era berean, aipatzen da gaztelaniaren ezagutza-mailaren akreditazioa daukaten etorkinen kopuruari buruzko daturik ere ez dagoela, eta defendatzen da “nabarmen hobetuko liratekeela pertsona hauen lan-aukerak, baldin eta akreditazioren bat edukiko balute”.
Nafarroako “giza kapitalaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin”, sustatzaileak plan bat taxutzea proposatzen du, helduen artean akreditazioak lortzea sustatze aldera Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren, Hezkuntza Departamentuaren eta, beharrezkoa denean, atzerriko beste organismo batzuen bidez.
Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan izan dira Iñaki Iriarte, Raquel Garbayo, Isabel Olave, Elena Llorente, Javier García, José González (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (109. NPAO, 2020-10-14koa)