Nafarroako Gobernua premiatzen da NUKFrekin elkarlanean ibilbide osasungarriak sor ditzan hiriguneetan, hiri inguruetan eta landa eremuetan
Jarduera fisikoaren maila egokia orokortu nahi da, ingurumenaren segurtasuna eta errespetua ahalbidetuko duten baldintzetan, sedentarismoari lotutako arrisku-faktoreak murrizteko
Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “toki administrazioekin eta NUKFrekin elkarlanean aritu dadin seinalez markatutako ibilbide osasungarriak sortzen Nafarroako Foru Komunitateko hiriguneetan, hiri inguruetan eta landa eremuetan, jarduera fisikoa ahalbidetzea helburu, zientzia eta kirol parametroetan oinarrituta, behar diren baliabide materialak erabiliz eta Estatuko zein nazioarteko erakunde eta entitate nagusiek (OME, Osasun Ministerioa eta Kirolaren Kontseilu Nagusia) arlo horretan emandako gomendioei jarraituz”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernua premiatzen du “ibilbide horiek halako moduan diseinatu eta planifikatu ditzan non estrategikoki banatuko diren lurralde osoan, nafar guztiek ibilbideren bat izan dezaten beren ohiko bizilekutik hurbil eta erregulartasunez erabili ahal daitezen”.
Hirugarren atalean, Foru Gobernuari eskatzen zaio “ekimen hori lankidetza publiko-pribatuaren bidez gauzatzeko aukera azter dezan, beste hiri, erkidego eta herrialde batzuetan egin duten bezala. Izan ere, beste leku horietan gizarte ongizatea eta jarduera fisikoa sustatzearen aldeko hainbat entitatek babes logistikoa eta ekonomikoa ematen dute horrelako ibilbideetarako”.
Bestalde, Foru Exekutiboa premiatzen da “plangintza horren garapenean lankide eta partaide izan daitezen herritarrak, tokian tokiko kirol klubak, erretiratu eta pentsiodunen elkarteak, emakumeen elkarteak, kultur elkarteak, eskolak, ikastetxeak eta unibertsitateak… Zona bakoitzeko osasun etxeen lankidetzaz gainera”. Atal hau Geroa Baik aurkeztu duen eta Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez erantsi da.
Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “ekimen horiek gauzatzerakoan oinarritzat har dadin Ibilbide Osasungarrien Plana diseinatu, inplementatu eta ebaluatzeko gida, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP) eta Espainiako Hiri Osasungarrien Sareak (RECS) egina. Gainera, ekimen hori Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako 2017-2022 aldirako Nafarroako Estrategiarekin lerrokatu behar da”. Atal hau PSNk aurkeztu duen eta Navarra Sumak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza da.
Zioen azalpenean, Navarra Sumak bultzatutako ebazpena elikadura osasungarriaren eta jarduera fisikoaren bidez osasuna sustatzeko eta babesteko OMEk ezarri zuen estrategiaren barruan kokatzen da, eta helburua da “toki-administrazioak inplikatzea hiri-barneetan, aldirietan eta landaguneetan kirol-jarduerak errazteko ekintzen sustapenean”.
Horretarako, eta sedentarismoari lotutako arrisku-faktoreak murrizteko asmoz, “hiri-barneetan, aldirietan eta landaguneetan beharrezko egiturak ezartzea” proposatzen da, “jarduera fisikoa ingurune atsegin eta ezagunetan egiteko, dohainik eta ingurumenaren segurtasuna eta errespetua ahalbidetuko duten baldintzetan”.
Aipatzen denez, gaur egun gizonen % 25ek eta emakumeen % 33k ez dute jarduera fisiko eta osasungarriaren alde egiten, eta hori dela eta, Nafarroak dituen berdegune nahiz landagune eremu handiak aprobetxatzearen alde egiten da, paseatzeko nahiz kirola egiteko ibilbide eta zirkuituak atonduz, eta “ekintza-planak onetsi eta aplikatuz”, gizarteko sektore guztien parte-hartzea lortzeko.
Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Iñaki Iriarte, Jorge Esparza, Raquel Garbayo, Pedro González, Pachi Pérez (Navarra Suma), Carlos Mena, Javier Lecumberri (PSN), Ana Ansa, Mikel Asiain (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Laura Aznal (EH Bildu).
* Podemos-Ahal Dugu e I-E ez dira izan.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (109. NPAO, 2022-10-04koa)