Nafarroako Gobernua premiatzen da Nasuvinsaren alokairu-poltsan sartzen diren etxebizitzen baldintzak alda ditzan
Egungo baldintzek poltsan higiezin berriak sartzea galarazten dutela eta alokairu-eskaerari erantzuten ez zaiola argudiatzen da
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, EH Bildu, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nasuvinsaren alokairu-poltsan sartzen diren etxebizitzen baldintzak alda ditzan, gaur egun eskura dauden etxebizitzen kopurua handitze aldera”.
Diotenez, “era horretan, alokairu-poltsako etxebizitzen tipologia ugaritu eginen da”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak aipatzen du Nasuvinsaren “alokairu-poltsan sartzeko baldintzek higiezin berriak sartzea galarazten dutela eta ez diotela alokairu-eskaerari erantzuten”, eta horri gehitzen bazaio kapital higiezinaren etekin garbi positiboen % 40ko murriztapena etxebizitzarako erabiltzen diren higiezinen errentamenduen kasuan, etxebizitza hori alokairu-poltsa publikoan inskribatuta badago, beharrezkoa da baldintzak aldatzea “alokairu-poltsako etxebizitza kopurua handitu dadin”.
Sustatzaileak oroitarazten du ez direla onartzen familia bakarreko etxebizitzak, lau logela baino gehiago dituztenak, edo azalera erabilgarria 110 m2 baino gehiagokoa dutenak. Horren ondorioz, Nafarroako milaka etxebizitza ezin dira poltsa horretan egon, aipatu baldintzak ez direlako betetzen.
Esandakoari jarraiki, ohartarazten da “Nafarroako herri askotan ez dagoela baldintza horiek betetzen duen etxebizitzarik”, eta horregatik, “urrutiago gelditzen da Nafarroako biztanle guztiendako aukera berdintasunaren printzipioa, hutsik dauden etxebizitzen jabeei zein errentariei begira”
-
Mozioa (4. NPAO, 2018-01-12koa)