Noiz argitaratua Asteazkena, 2025.eko Martxoak 5

Nafarroako Gobernua premiatzen da LGTBIfobiaren aurkako kanpainak abian jar ditzan kirol lehiaketetan eta ekitaldietan

Orobat, Nafarroako Parlamentuak eskatzen du egunera daitezela gisa horretako ekintza intoleranteei erantzuteko jarduketa protokoloak

 

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen aldako botoekin eta Voxen aurkako botoarekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “abian jar ditzan LGTBIfobiaren aurkako kanpainak, eta Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak LGTBIfobiaren aurka egiten dituen kanpainak sar ditzan Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutua edo Nafarroako Gobernua federazioekin edo klubekin lankidetzan aritzen den ikusgarritasun handiko kirol lehiaketetan eta ekitaldietan”.

 

Bigarren atalean, “Kultura, Kirol eta Turismo Departamentua premiatzen da LGTBIfobia kirol-esparrutik errotik desagerrarazteko estrategiak eta LGTBI+ Inklusioko programak taxutu ditzan eta jokabide intoleranteen aitzinean jarduteko protokoloak eguneratu ditzan egiten diren lege, arau edo plan aldaketetan”.

 

PSN TPak sustatutako erabaki horren zioen azalpenean gogorarazten da kirola, tradizionalki, zenbait diziplinatan maskulinizazio eta feminizazio estereotipoez betetako esparru bat izan dela, eta gaur egun ere eremu zaila dela gure gizarteko LGTBI pertsonentzat.

 

Zentzu horretan, eta proposatzaileen iritziz, “jakina da oraindik ere badirela kirol diziplina eta ekipoak –oihartzun mediatikorik handiena dutenak bereziki– kirolariei eragozten dietenak euren homosexualitatea jendaurrean agertzea –gailentasun publiko handikoei bereziki–”. 

 

“XXI. mende bete-betean, sexu-joera ez-heterosexuala tabua da oraindik ere kirolean oro har, non ikusezintasuna nahitaezkoa baita intolerantziaren eta presio sozialaren ondorioz”, adierazi dute. 

 

Ainhoa Unzu (PSN TP) izan da batzordeburu, eta bertan izan dira, orobat, honako hauek: Javier Trigo, Félix Zapatero, Ana Elizalde, Raquel Garbayo (UPN TP), Ibai Crespo, Carlos Mena (PSN TP), Txomin González, Oihan Mendo (EH Bildu TP), Itxaso Soto, Blanca Regúlez (Geroa Bai TP), Maribel García Malo (PPN TP), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin TP) eta Emilio Jiménez (Vox FPE).