Nafarroako Gobernua premiatzen da iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko hiru urteko plan bat presta dezan sei hilabeteko epean
Parlamentuak eskatzen du eguneratu dadila ezkutuko ekonomiari eta Foru Ogasunarekiko iruzurrari buruzko txostena, eta konpromisoa hartzen du horiek benetan hautemateko eta jazartzeko lanak sustatzeko
Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin eta Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren kontrako botoekin. Erabaki horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako iruzur fiskalaren diagnostikoa eta ezkutuko ekonomiaren balioespena txostena eguneratu dezan”.
Onetsitako erabakiaren bigarren atalean, era berean, Foru Gobernuari dei egiten zaio “iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko hiru urteko plan bat taxutu dezan sei hilabeteko epean”.
Jasota geratu denez, plana urtero eguneratuko da, eta honako hauek jasoko ditu gutxienez: iruzur fiskala benetan prebenitzeko, hautemateko eta jazartzeko diseinatutako estrategiaren helburu zehatzak; helburu horiek lortzera bideratutako neurriak eta ekintzak, horiek betetzeko behar diren baliabideen hornidura barne; eta lortutako emaitzen etengabeko jarraipena eta urteroko ebaluazioa, xede ziren helburuekin alderatuta, estrategiaren eraginkortasun eta errentagarritasun ekonomiko-soziala zenbatekoa den jakite aldera. Ebaluazio hori Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaio, EH Bilduren eskariari jarraituz, ekimenaren titular den PSNk onetsi egin baitu EH Bilduk aurkeztutako aldatzeko zuzenketa.
Erabakian sartu da, orobat, EH Bilduk aurkeztutako gehitzeko zuzenketa, eta, horri jarraituz, xedatu da iruzurraren aurkako hiru urteko planak honako hauek izan beharko dituela: “helburu horiek betetzeko, iruzur fiskala detektatzea eta egiazki pertsegitzea sustatzeko eta jarduketak benetan gauzatzen direla ziurtatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomiko eta materialak”.
PSNk sustatutako erabakiaren zioen azalpenean, gogorarazten da azken urteotan iruzur fiskalaren kontrako estrategia nabarmen sendotu dela Foru Komunitatean, legegintza-neurri eta neurri operatiboen bidez.
Talde proposatzailearen iritziz, “iruzur fiskala ekonomikoki jasanezina eta sozialki bidegabea da”; izan ere, “min handia egiten die ekonomiari [...] nahiz zerbitzu publikoen sendotasunari”.
“Ez baita ahaztu behar iritzi publikoan gero eta zabalduagoa dela korronte bat, zenbait alderdi politikoren nola gizarteko zenbait sektoreren aldetik, zeinek zergak ordaintzearen garrantzia gutxiesten duen, eta horrek zerga-saihesteak gertatzeko arriskua dakar”, baieztatu du PSNk.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (32. NPAO, 2025-03-18koa)
- Bideotekako irudietarako esteka