Nafarroako Gobernua premiatzen da hilekoaren pobreziari buruzko azterlan espezifiko bat egin dezan
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordean onetsia. 2021eko ekainaren 23an
1.- Nafarroako Gobernua premiatzen da pobreziaren aurkako politika integralak garatzen jarrai dezan, azpimarra berezia jarriz pobreziaren feminizazioarekin amaitzen lagunduko dutenetan.
2.- Foru exekutiboari dei egiten zaio Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, arloko adituekin eta gainerako gizarte-eragileekin lankidetzan, berariazko azterlan bat egin dezan, ahalik eta lasterren, gure Erkidegoko pobrezia menstrualari buruz, ikuspegi intersekzional eta integral batetik, non jorratuko baitira pobreziara daramaten askotariko faktoreak eta pobrezia horrek emakumeen eta kolektibo zaurgarrienen bizitzan eta giza eskubideetan duen eragina. Azterlan horrek diagnostiko gisa balioko du, eta egin beharreko politika publikoei buruzko gomendioak eta/edo jarraibideak bilduko ditu.
3.- Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio aipatutako azterketa/diagnostikoan oinarrituta, beharrezkoa bada eta Nafarroako gainerako administrazioekin eta gaian adituak diren gizarte erakundeekin lankidetzan, plangintza arruntean txerta dezan beharrezkoa den ikuspegia higiene menstruala bermatzeko eta bai pobrezia bai sexu- eta ugalketa-eskubideen egikaritzako desberdintasuna sortzen duten egiturazko faktoreak desagerrarazteko, eta plangintza horretan neurriak zehaztu daitezen osasuna, sexu-hezkuntza integrala eta herritarren heziketa eta sentsibilizazioa sustatzeko eta gorputz-autonomia eta sexu- eta ugalketa-eskubideak sustatu, babestu eta defendatzeko.
4.- Foru exekutiboa premiatzen da bere eskumenen esparrutik ekimenak bultza ditzan, eta babestu ditzan Estatuarenak izanik higiene menstrualeko produktuen kostu-murrizketa dakartenak, produktu horiei BEZ oso murriztua aplikatzea aldeztuz.
5.- Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen baitira txosten bat egin dezaten "tasa arrosa" deitutakoak Nafarroako eta Espainiako merkatuetan duen norainokoari eta eraginari buruz eta, kasua bada, txosten bat egin dezaten aipatu tasa kentze aldera eskumen-esparru ezberdinetatik egin litezkeen jarduketa edo ekintza politiko nahiz instituzionalei buruz.
Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerrak aurkeztu dute.
Aho batez onetsi da.