Nafarroako Gobernua premiatzen da garraio txartel bateratu bat (GTB) ezar dezan, Foru Komunitatean barnako mugikortasuna erraztuko duena
Behar duten gizarte-taldeen txartelei hobariak emateko eskaera egin du Ganberak
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du aho batez (I-E ez da egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “heldu den urtean, 2023an, garraio txartel bateratu bat (GTB) ezar dezan, erkidegoan barnako mugikortasuna erraztuko duena Nafarroan bat egiten duten garraiobide guztien artean”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “txartel bateratuari hobariak ezar diezazkion behar duten gizarte-talde guztientzat”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak mugikortasun jasangarriago eta erosoago baterantz aurrera egitearen aldeko apustua egiten du, “ingurumenaren gaineko eragina murriztuz eta lurraldea kohesionatuz”, eta gaineratu du garraio publikoan mugitzeko erraztasunak ematea eta behar duten gizarte-taldeen txartelei hobariak ematea “lehentasuna” izan beharko litzatekeela Gobernu honentzat.
Horretarako, garraio-txartel bateratua sortzea konponbide bat litzateke, nafarrei erraztu eginen bailieke erkidegoko edozein tokitara joan ahal izatea ibilbide motzeko eta ertaineko trenetan, autobusez, hiriartekoetan eta abar. Proposamenaren egilearen arabera, “beharrezko neurria da, bai ingurumenagatik, bai egungo egoera ekonomikoagatik”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (121. NPAO, 2022-10-31koa)