Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da Errepublikako erbesteratzearen 80. urteurrenaren harira omenaldia egin dezan

Legezkotasunarekin konprometiturik, demokraziaren balioen defentsa biziarekin edo erbesteratzearekin ordaindu zutenen aitortza bermatzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPNren abstentzioarekin eta gainerako taldeen aldeko botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Errepublikako erbesteratzearen 80. urteurrenean, Nafarroako erakunde gorenek omenaldia egin diezaieten gure erkidegoan erbestera jotzera behartu zituzten milaka pertsonei”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “Alesbesko Udalarekin eta bertako memoria historikoaren elkarteekin lankidetzan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak jaso dezan Julia Álvarez Resanoari buruz Estatuko artxiboetan, bereziki Salamancako Gerra Zibilaren Artxiboan, dagoen agiri oro, pertsona horren oroimenerako egokituko den museo edo eremu batean erakusteko”. Aho batez onetsi da atal hau.

 

Gainera, Gobernua premiatzen da “Hezkuntza Departamentuak material didaktikoak eta ikus-entzunezkoak egin ditzan, Julia Álvarez Resano, Nafarroan errepresaliatutako emakumeak eta milaka nafar erbestera jotzera eraman zituzten arrazoiei eta ondorioei buruz”. UPN eta PPNk honen aurka bozkatu dute.

 

Mozioak beste hiru puntu zeuzkan, baztertu egin direnak Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoak soilik lortu dituztelako, UPN eta PPNk aurka bozkatu dute eta Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira.

 

Lehenak Gobernuari eskatzen zion “Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak beharrezko ikerketak egin zitzan erbesteratuak izan ziren nafar guztien erregistro bat burutzeko”.

 

Bigarrenak Gobernua premiatu nahi zuen “Alesbesko Udalarekin eta bertako memoria historikoaren elkarteekin lankidetzan, beti ere senideek baimentzen dutenean, behar diren izapideak egin daitezen Álvarez Resano familia bere jaioterrira aberriratzeko, eta bertan memorial bat eraiki dadin, haren irudi nabarmenaren omenez”.

 

Baztertu den azkeneko atalean Gobernuari eskatzen zitzaion “Hezkuntza Departamentuak zeharkako eta berariazko moduan sar dezan, hala egin daitekeen irakasgaietan, emakumeek alor horietan egindako ekarpena, eta Emakumeen Historia sar dezan, aukerako irakasgai moduan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan”.

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak dei egiten du milaka pertsona hauei omenaldi eta aitortza instituzionala egiteko, “Errepublikako legezkotasunarekin eta demokraziarekin konprometiturik, biziarekin edo erbesteratzearekin ordaindu baitzuten balio errepublikanoen defentsa, hau da, berdintasuna, laikotasuna, askatasuna eta pertsona ahulenendako justizia soziala”.

 

Azpimarratzen da “ez dutela ordainik jaso, ez ekonomikorik ez eta moralik ere”, ezta Memoria historikoari buruzko abenduaren 26ko 52/2007 Legearen aldetik ere, “beranduegi iritsi zelako deserrotutako pertsona horientzat, arrotzat hartuak izan baitziren gogoan zuten jaioterrian zein babesa eman zien herrialdean ere”.

 

Esparru horretan, aipamen berezia egiten zaio Julia Álvarez Resanori, politikari sozialista, abokatu eta maistra, 1903an Alesbesen sortua eta 1948an Mexikon zendua. Erbestera jo behar izan zuen, baina aldi berean “etengabeko lana egin zuen Servicio de Evacuación de Republicanos Españoles eta Unión Nacional Española erakundeetan, milaka pertsona bizirik ateratze aldera”.

 

Garai errepublikanoko emakume politikari “nabarmen bezain difamatuak, gogoratzeko moduko ondarea” utzi izana kontrajartzen da “intelektualak, artistak, zientzialariak, irakasleak, gudari ohiak, kultura eta politika arloko pertsonalitatak erbestera joan beharrak utzitako atzerapen politiko, etiko eta kulturala”: