Nafarroako Gobernua premiatzen da erabakitasunez sustatu eta lagundu dezan energia-proiektu berriztagarriak ezartzea
Hazkundea, garapen ekonomikoa eta inbertsioa eta enpresak Nafarroara erakartzea bermatzeko neurriak hartzeko Navarra Sumak egindako eskaera baztertu egin da
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “erabakitasunez sustatu eta lagundu dezan energia-proiektu berriztagarriak ezartzea, garapen jasangarriarekin bateragarriak diren ingurumen-eskakizun guztiekin bat, betiere lehiakortasun handiagoa ekarri eta etorkizuneko elektrizitate-fakturaren kostuak arintzen badituzte”. PSNk aurkeztu duen eta Navarra Sumak onartu duen ordezteko zuzenketa baten emaitza da testua.
Jatorrizko ebazpenak hiru atal zituen, baztertu egin direnak PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin.
Lehenak Gobernua premiatzen zuen “behar diren ezinbesteko akordioak lor ditzan Nafarroako industriako eragile nagusiekin, Nafarroari lehiakortasun industriala mantentzea eta handitzea ahalbidetuko dion eredua adoste aldera”.
Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zion “laguntza ekonomikoa emateko neurri zehatzak ezar ditzan –fiskalitatea baliatuta edo laguntzen bidez–, xede hartuta arintzea energia-prezioen igoeraren inpaktua eta horrek industria-sektorean dituen ondorioak”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “erabakitasunez sustatu eta lagundu dezan energia-proiektu berriztagarriak ezartzea, betiere lehiakortasun handiagoa ekarri eta etorkizuneko elektrizitate-fakturaren kostuak arintzen badituzte”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak Gobernuaren “konpromiso irmoa” eskatzen zuen “industria-sektoreak behar duen inbertsioa bermatuko duten beharrezko neurriak adosteko”, ahalbidetze aldera “ez soilik enpleguari eustea, baizik eta handitzea”, eta “energia-trantsizio eraginkorra” bermatzea. Hori guztia Industria produkzioaren indizea berreskuratzeko helburuarekin, zeina ez da iritsi pandemiaren aurreko mailara, eta are gutxiago 2008ko finantza-krisiaren aurrekora.
Esparru horretan eta enpresa-adierazle guztien narriaduraren erakusgarri gisa, enpresa berrien sorreraren jaitsierari ( % 20) eta deuseztatutako enpresen ehuneko handiari ( % 25) erreparatzen zitzaien, energia-prezioaren ( % 106) eta lehengaien ( % 23,3) garestitzeak industria-jardueran duen eragina berresteko.
Amaitzeko, “hazkundea, garapen ekonomikoa eta inbertsioa eta enpresak Nafarroara erakartzea bermatzeko neurriak hartzeko” beharra azpimarratzen zen.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (116. NPAO, 2022-10-18koa)
Archivos adjuntos