Nafarroako Gobernua premiatzen da ekintza eta esku-hartze sozialeko hitzarmen sektoriala finantzatzen jarrai dezan
Forma-akatsagatiko deuseztasun-arriskuaren aurrean, bermatutako zerbitzuetako plantillen lan-baldintzen arautzean sartutako hobekuntzak defendatzen dira
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin (I-Ek ez du bozketan parte hartu), zeinaren bidez Legebiltzarrak beharrezkotzat jotzen baitu “funtsezkoa den sektore honentzako lan-araubidea, ezbaian dauden egitate juridikoetan sartu gabe. Hori dela-eta, beharrezkotzat jotzen du plantillek hitzarmen berekia izan dezatela, bai lan-harremanei bai gizarte-zaurgarritasun edo -arriskuan dauden herritarrei ematen zaizkien zerbitzuei kalitatea eta egonkortasuna emanen diena”.
Onetsitako ebazpenak, gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen du “konpromiso publikoa har dezan hitzarmenetik eratorritako aurrekontu-partidak finantzatzen segitzeko, baita hitzarmen horren deuseztasuna judizialki aldarrikatuko balitz ere”.
Era berean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “konpromisoa har dezan, deuseztasuna deklaratua izatearen kasuan, agente aktiboa izateko eta hitzarmen berri baten negoziazioa finantzatzeko, orain arte egin duen bezala eta baldintza beretan”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak ohartarazten du esku-hartze sozialeko enpresaburuen estatu-mailako elkarte batek forma-akatsa alegatuz Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren Sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren deuseztasuna eskatu zuela, eta deitoratzen du akordioa gerarazteak “atzerakada bat” ekar dezakela, eta Nafarroan hartzen diren erabakien “aurkako esku-sartzea” izan litekela.
Hala, irailaren 28an probintzia auzitegian egindako epaiketaren epaiaren zain, “zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden pertsonentzako arreta-zerbitzuetako plantillen lan-baldintzak hobetu eta arautzearen” alde egiten da. Hobekuntza horiek, zenbait urteko negoziazioaren ondoren, 2021eko urtarrilaren 8an sinatutako arloko lehen hitzarmen kolektiboan zehaztu ziren.
Horri dagokionez, adierazten da Nafarroan arlo soziokomunitarioan eskaintzen diren zerbitzurik gehienak “administrazio publiko desberdinek kontratatuak, itunduak edo diruz lagunduak” direla, udalek edo Nafarroako Gobernuak, zehazki. Zerbitzu horietako gehienak Gobernuaren Gizarte Zerbitzuen Zorroko prestazio bermatuak dira.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (109. NPAO, 2022-10-04koa)