Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Otsailak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da Droga-mendekotasunari eta adikzioei buruzko III. Plana eguneratu dezan gazteriaren errealitatera egokitzeko

Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiaren azterlanak emandako datuen larritasuna kontuan hartuta, batez ere 14 eta 18 urte bitarteko adin-tarteari dagokionez

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Droga-mendekotasunari eta adikzioei buruzko III. Plana eguneratu dezan, Nafarroako gazteriaren errealitatera egokitzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “jarri beharreko baliabideak jar ditzan eguneratze hori egiteko kasuan-kasuko berariazko programen, sentsibilizazio kanpainen eta nafar gazteei zehazki bideratutako beste programa batzuen bidez”.

 

Halaber, eskatzen da “aldaketa horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuaren oniritziarekin egin daitezen, hori baita organo eskuduna eta zeharkakoa Nafarroan gazteriaren arloko politiketan”.

 

Azkenik, Gobernua premiatzen da “gazteentzako aisialdi-zentro alternatiboen sorrera bultza dezan, toki-entitateekin elkarlanean eta komunitate-babesaren ikuspegitik abiatuta”. Azken atal hau PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu duten gehitzeko in voce zuzenketa baten ondorioz gehitu da.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiaren azterlanaren ondorioetara jotzen du, azpimarratzeko, 14 eta 18 urte bitarteko adin-tarteari buruzko datuen larritasuna kontuan hartuta, Drogen eta Adikzioen Prebentziorako III. Planean (2018-23) jasotako planteamendua eta jarduerak eguneratzeko beharra. Plan hori 2014ko inkestarekin bat etorriz diseinatu zen.

 

Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiaren azterlanaren arabera, noizbait alkohola edan duten 14-18 urteko ikasleen ehunekoa 73,9 da, eta azkenaldian mozkortu direla dioten gazteena 23,2. Gainera, % 27,9k aitortu du edari alkoholdunen kontsumo azkarra eta intentsiboa egin duela (binge drinking).

 

Txosten horren arabera, tabakoa kontsumitzen hasteko batez besteko adina 14,1 urtekoa da, eta cannabisa kontsumitzen hasteko batez besteko adina 14,9 urtekoa. Inkestan parte hartu duten gazteen % 75ek "lortzeko erraza" dela esan dute.