Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Irailak 23

Nafarroako Gobernua premiatzen da Burdin Defizitaren Egunaren ospakizuna susta dezan, azaroaren 26 bakoitzean Global Iron Deficiency Day delakoarekin bat etorraraziz

Ganberak osasun-arazo honen inpaktua ezagutzearen, beraren sintomak modu goiztiarrean atzematearen eta tratamendu goiztiar bat ezartzearen garrantziaz biztanleria kontzientziatzeko beharra defendatu du

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Burdin Defizitaren Egunaren ospakizuna susta dezan, azaroaren 26 bakoitzean Global Iron Deficiency Day delakoarekin bat etorraraziz, Osasun Departamentuaren laguntzaz, osasun-arazo honen inpaktua ezagutzearen, beraren sintomak modu goiztiarrean atzematearen eta tratamendu goiztiar bat ezartzearen garrantziaz biztanleria kontzientziatzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “informazio-kanpainak egin ditzan burdin defizitaren inpaktuari buruz, horrek ematen dituen sintomak identifikatzeari buruz eta gaixotasun kronikoak dituztenei ekarri ahal dizkien konplikazioei buruz”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “berariazko ekintzak egin ditzan Osasun Departamentutik, burdin defizita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan goiztiarki identifikatu eta tratatzeko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sustatutako ebazpenak “herritarrak osasun-arazo honen eraginari buruz kontzientziatzeko beharra” defendatzen du; izan ere, usuago agertzen da emakumeengan menopausia baino lehenago, haurdunengan, 5 urte baino gutxiagoko adineko umeengan eta gaixotasun kronikoak dituztenengan, eta “goibeldu egiten du gaixotasun kronikoen diagnostikoa, bizi-kalitatea txartzen du, eta ekartzen ditu osasungintza-kostuen gorakada eta konplikazioak”.

 

Azaroaren 26an Global lron Deficiency Day ospatzearekin bat, proposamena egin dutenek egun honi izaera instituzionala ematea eskatu dute, osasun-arazo honen inpaktua ezagutzearen, beraren sintomak modu goiztiarrean atzematearen eta tratamendu goiztiar bat ezartzearen garrantziaz biztanleria kontzientziatzeko.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Jorge Esparza, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Carlos Mena (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Arantxa Izurdiaga, (EH Bildu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (95. NPAO, 2022-09-06koa)