Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Ekainak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da bidaia-bekak emateko araudi bat ezar dezan, nafar gazteek aukera izan dezaten Europar Batasuneko herrialdeak ezagutzeko

Maila instituzionalean edo kulturalean Europako bi herrialde trenez ezagutu nahi dituzten 18 urtetik 24 urtera bitarteko gazteentzat, gehienez ere 6 kideko taldeetan

Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “araudi bat ezar dezan, zeinak oinarrizko baldintzak bilduko baititu bidaia-bekak emateko 18 urtetik 24 urtera bitarteko adineko nafar gazteei, Europan zehar trenean bidaiatu nahi badute, gehienez ere 6 kideko bidaia-taldeetan, bidaiarako proposamen bat aurkezten badute, gutxienez ere Europako bi herrialdetarako. Horretan, bereziki baloratuko da bisita egitea europar erakundeak kokatuak diren edo izaera irekiko jarduera kulturalak edo kirolekoak egiten diren hirietara”.

 

Bigarren atalean, Gobernuari eskatzen zaio “onuradunen bidaia-beketan sartuak egon daitezen, kasuko oinarrietan ezarriko diren irizpideekin bat, Interrail bidaia-txartel bat, aseguru bat eta bidaia-poltsa bat, diru-zenbateko batekin, bai eta Foru Administrazioak onuradunei helarazten dizkien betebeharrak ere, berariazko onarpenarekin”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak defendatzen du “komenigarria dela nafar gazteriaren beste sektore batzuei helaraztea unibertsitateko tituludun gazteei ematen zaien aukera, prestakuntza ematekoa Nafarroako Foru Komunitatearen kanpo ekintzarekin, Europar Batasunarekin eta mugaz gaindiko lankidetzarekin lotutako gaietan”.

 

Zentzu horretan, “funtsezkoa” ikusten da politikak ezartzea, “gazteek bizitza publikoan parte har dezaten sustatzekoak, bereziki Europa eraikitzeko proiektuan, zeinetan Foru Komunitatea parte aktiboa den; bai eta ikerketa, prestakuntza eta ekintzaile-gaitasunen sustapena ere”.

 

Azken finean, ekimen horrekin jende gazteenari erraztu nahi zaio Europaren ezagutza, “aparteko esperientzia bat sustatu nahi da, kontinenteko beste gazte batzuekin harremanetan jarriko dituena, haien nazioarteko orientazioa zabalduko duena, eta europar espiritua eta askatasunaren, aniztasunaren eta tolerantziaren balioak sendotu”.

 

Miren Aranoa (EH Bildu) buru izan duen saiora bertaratu diren parlamentarioak izan dira Cristina Altuna, Mónica Doménech, Carlos García Adanero, Iñaki Iriarte (UPN), Virginia Alemán, Consuelo Satrustegi, Jokin Castiella (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Mikel Buil, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno, Ainhoa Unzu (PSN), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).