Nafarroako Gobernua premiatzen da beken gaineko eskumenaren eskualdatzea eska dezan
Navarra Sumaren ustez, atalase ekonomikoak, aurrekontu-zuzkidura edo egutegiaren kudeaketa bezalako funtsezko alderdiak hobetzeko formula egokia da
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “unibertsitate ikasketetarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen laguntza eta beken deialdi orokorrean hobetzen ahal diren zertzeladak berrikus ditzan: zenbatekoak, epeak edo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren deialdiaren bidez emandako zenbatekoak”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “beken gaineko eskumenaren eskualdatzea eska diezaion Espainiako Gobernuari”.
Zioen azalpenean, Navarra Sumak sustatutako ebazpena unibertsitateko beken politika orokorrari buruz urriaren 20an gauzatutako interpelazioaren ondorioa da. Esparru horretan, “hobetzeko tarte handia ikusten da zenbait alderditan, hala nola atalase ekonomikoetan, bideratutako aurrekontuan edo egutegian”.
Ildo horretan, argudiatzen da Nafarroako Gobernuak ikasteko ematen dituen laguntzak eta bekak Ministerioak deitutakoen osagarri direnez, “epeak gehiegi luzatzen direla – 9 hilabetera arte –; izan ere, Ministerioaren deialdia ebatzi arte, Nafarroako Gobernuak ezin du berea ebatzi”.
Proposamena egin duenak esan duenez, irtenbiderik onena, baita bide batetik eta bestetik jasotzen diren zenbatekoei dagokienez ere, “Nafarroak beken eskumena osorik bere gain hartzea da, Lorafnak aitortzen duen bezala”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (131. NPAO, 2021-11-16koa)