Nafarroako Gobernua premiatzen da behar diren izapideak egin ditzan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin, Lizarrako osasun etxearekin partekatzen dituen instalazioen lagapena/dohaintza egiteko
Instalazioak moldatu nahi dira, bigarren sarbide eta zirkuitu gisa erabil daitezen arnas-gaixotasunen edo infekziosoen susmoa pizten dutenentzat
Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta EH Bilduren aldeko botoekin, eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin (Izquierda-Ezkerra ez da bilkuran egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “behar diren izapideak egin ditzan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin, Lizarrako osasun etxearekin partekatzen dituen instalazioen lagapena/dohaintza egiteko eta ondoren moldatzeko, bigarren sarbide eta zirkuitu gisa erabil daitezen arnas-gaixotasunen edo infekziosoen susmoa pizten dutenentzat”.
Navarra Sumak gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen "Lizarrako osasun etxe berrirako plan funtzional bat taxutu zezan eta beharrezkoak diren izapideak has ditzan Lizarrako Udalak osasun etxe berria kokatuko den lursaila lagatze aldera".
Era berean, Gobernuari eskatzen zion "2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan berariazko partida bat jaso dezan Lizarrako osasun etxe berria eraikitzeko".
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak komenigarritzat jotzen du pazienteak artatzeko zirkuitu bikoitza ezartzea, “alde batetik, sarbide eta egonaldi berezituak COVID, gripe, arnas birus sintizialaren edo bestelako gaixotasun infekziosoen sintoma susmagarriak dituztenentzat, eta beste alde batetik, osasun etxean gainerako patologietarako “garbitzat” jotzen den eremua”.
Horretarako, epe laburreko konponbide gisa azaltzen du Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak eraikineko beheko solairuan dituen instalazioak hartzea, izan ere, horrek ahalbidetuko luke zentrorako edukitzea bigarren sarbide bat, bi ate bereziturekin, eremu administratibo handiagoa, itxarongela eta kontsultarakoa, eta gainera konponduko litzateke bigarren igogailuaren auzia, “larrialdietan erabilera eta behar handikoa baita”.
Sustatzailearen helburua da oraingo osasun etxea eremu “garbi” gisa gordetzea eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren instalazioak sarbide errazeko eremu bihurtzea, patologia infekziosoak izan ditzaketelako susmoa pizten duten pazienteen balorazioa egiteko.
Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan egon dira Marta Álvarez, Ángel Ansa, Yolanda Ibáñez, Raquel Garbayo, Cristina Ibarrola eta Patxi Pérez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
• Mozioa (76. NPAO, 2020-07-22koa)