Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da azterlan bat egin dezan, genero-indarkeriaren prebentzioan adimen artifiziala ezartzeko

Asmoa da arrisku-egoerak detektatu eta baloratzeko sistemen eraginkortasuna hobetzea, datu-baseen analisia algoritmoak aplikatuz optimizatuta

Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek emandako aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin etaPPN eta Vox-ek emandako aurkako botoekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroan genero-indarkeria prebenitze aldera adimen artifiziala ezartzeko azterlan bat egin dezan".

 

Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badauka, Nafarroako Gobernuari halaber dei egiten diona machine learningeko sistema bat sor dezan, Nafarroan genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioaren ekimenezko erabakiak argibideak ematen ditu "arrisku-egoeren detekzioan eta balorazioan aurrerapausoak emateko oztopoei" buruz. Horregatik, eta kontrol-sistema konbentzionalen eraginkortasun urria kontuan harturik, eskatzen du adimen artifizialeko baliabideak erabil daitezela, genero-indarkeriaren detekzio goiztiarraren indargarri.

 

Ildo horretan, eta Universitat Oberta de Catalunya-ko Javier Plo-ren azterlana bezalakoei heldurik (bertan azpimarratzen da adimen artifiziala lagungarria dela VioGén edo ATENPRO datu-baseen analisitik konklusioak ateratzeko), ohartarazten da beharrezkoa dela informazio-bilketa eta -prozesatzerako teknikak optimizatzea, tratamendu horren kalitatearen araberakoa izanen delako algoritmoek eskain ditzaketen erreferentzien zehaztasuna.

 

Azken batean, helburua da "indarkeriazko gertakarien agerpena baldintzatzen duten aldagai, atributu edo nolakotasun desberdinak bereizten joatea", halako moldez non modua egonen baita "biktima potentzialak arrisku-maila desberdinen arabera sailkatzeko", kasu bakoitzari buruzko aurreikuspenak eta eboluzioa kontuan hartuta. Horrenbestez, "detekzio goiztiarra" funtsezko gisa agertzen da.