Nafarroako Gobernua premiatzen da azter dezan kirol eta aisia instalazioei buruzko araudia betetzen ote den
Joko-zelaiak inguratzen dituzten harresiek dakartzaten arriskuak ekiditeko jarduerak behar dituzten futbol-zelaien errolda eskatu du Ganberak
Kultura eta Kiroleko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentua premiatzen baita “azterlan bat egin dezan, Nafarroako Futbol Federazioarekin lankidetzan, aztertze aldera ea Nafarroako futbol-zelaietan Kirolaren Kontseilu Nagusiaren kirol eta aisia instalazioei buruzko araudia betetzen ote den”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernua premiatzen du “ukitutako toki-entitateekin batera presta dezan Arartekoaren jakinarazpenean aipatzen diren jarduketak egin behar dituzten futbol-zelaien errolda, bai eta jarduketa horien inpaktu ekonomikoa ere”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak futbol-zelaiak inguratzen dituzten hormek dakartzaten arriskuak saihesteko neurriak hartzeari dagokionez Nafarroako Kirol Institutuak futbol-zelaien jabe diren udalei egin dien gomendioari buruz hitz egiten du. Ildo horretan, eskatzen du, jabetza udalarena izan ala ez, Kultura eta Kirol Departamentuak, udalekin eta Nafarroako Futbol Federazioarekin elkarlanean, Nafarroako futbol-zelaietan segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.
Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Raquel Garbayo, Alberto Bonilla, José Suárez, Ángel Ansa, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Carlos Mena, Patricia Fanlo, Jorge Aguirre (PSN), Pablo Azcona, Ana Ansa (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Txomin González (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
*Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (25. NPAO, 2023-02-14koa)