Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Urriak 5

Nafarroako Gobernua premiatzen da azter dezan gurasoek edo seme-alabek familia-ingurunetik kanpo emakumeen aurka baliatutako indarkeriaren adierazpena 14/2015 Foru Legean jasotzeko aukera

Ganberak argudiatzen du egungo legeak ez dituela behar beste babesten familia-ingurunetik kanpo indarkeria fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa edo sexuala jasaten duten emakumeak

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin (Podemos-Ahal Dugu ez da bilkuran egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “14/2015 Foru Legearen 3. artikuluan –Emakumeen kontrako indarkeriaren definizioa eta motak–, 2. puntuan, emakumeen kontrako indarkeria mota bat gehiago jasotzeko aukera azter dezan, gurasoek edo seme-alabek familia-ingurunetik kanpo emakume baten aurka baliatutako indarkeria fisiko, psikologiko, ekonomiko edo sexuala dela-eta”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak dio Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak, “genero-indarkeriaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan aurrerapauso handia izan arren”, ez diola behar adina heltzen etxeko ingurunetik kanpo familiartekoek baliatutako indarkeriaren auziari.

 

Zehazki, bizikide ez diren gurasoek edo seme-alabek jazarritako emakumeen kasuan, sustatzaileak dio “egungo legeak ez dituela pertsona horiek behar adina babesten”. Hori dela eta, eskatzen da 14/2015 Foru Legearen 3. artikuluan –Emakumeen kontrako indarkeriaren definizioa eta motak–, 2. puntuan, emakumeen kontrako indarkeria mota bat gehiago jasotzeko aukera azter dezan, gurasoek edo seme-alabek familia-ingurunetik kanpo emakume baten aurka baliatutako indarkeria fisiko, psikologiko, ekonomiko edo sexuala dela-eta.

 

Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen bilkuran egon diren parlamentariak izan dira Isabel Olave, Ángel Ansa, Marta Álvarez, José Suárez, Carlos Pérez-Nievas, Pedro González (Navarra Suma), Nuria Medina, Carlos Mena (PSN), Blanca Regúlez, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Patricia Perales, Adolfo Araiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón (G.P. Mixto Izquierda-Ezkerra).

 

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (87. NPAO, 2021-06-29koa)