Nafarroako Gobernua premiatzen da arindu ditzan izapide guztiak Cascanteko osasun-etxe berria eraikitzeko lanak bukatuta egon daitezen 2026ko abenduan
Parlamentuak gogora ekarri ditu Gobernuaren konpromisoa eta egungo eraikinaren egiturazko gabeziak eta urritasunak osasun-eskualde oinarrizko horretako 12.000 biztanleei ematen zaien zerbitzua duintze aldera
Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, PSN, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Voxen aldeko botoekin, eta EH Bildu alderdiaren abstentzioarekin. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “behar diren administrazio- nahiz aurrekontu-izapide guztiak berehala hasi eta azkartu ditzan Cascanteko osasun-etxe berria 2026ko abenduan bukatuta egon dadin, Cascanteko osasun-etxe berria eraikitzeko konpromisoa bete gabe baitarama 2021etik”.
UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean berrikusketa bat egiten da honen harira sortutako egoeraren inguruan: Parlamentuak ebazpen bat onetsi ostean, Nafarroako Gobernuak 2021eko apirilean iragarri zuen osasun-etxe berri bat eraikiko zutela Cascanten REACT funts europarren kontura, eta premiazkoa da erantzun bat ematea osasun-eskualde oinarrizko horretako (Murchante, Monteagudo, Tulebras, Barillas eta Ablitas) 12.000 biztanleei, egungo eraikinak egiturazko gabeziak eta urritasunak dituenez gero.
Zentzu horretan, proposatzaileak eragindako udalerrien erabakiak ekarri ditu gogora, eta, orobat, Arartekoaren txostena, horrek ere babesten baitu osasun-etxe berri bat eraikitzea “arrazoizko bizkortasunez”; horren guztiaren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen du, 2022az geroztik proiektu bat izanda ere ez baita gai izan obrak hasteko.
Era berean, jasota utzi du Cascanteko Udalak “Osasun Departamentuak egindako errekerimendu guztiak bete” dituela, bai “espediente administratiboak izapidetze”-ari dagokionez, bai eta “265.952,46 euroko balioko lurzati bat lagatze”-ari dagokionez, bai eta eremu kultural bat errehabilitazio- eta kontsulta-zentro periferiko gisa erabiltzeko gaitzeari dagokionez ere.
Honako hauek parte hartu dute Mikel Asiain (Geroa Bai) buru izan duen bilkuran: Leticia San Martín, Marta González, Cristina López, Isabel Olave (UPN TP), Maite Esporrín, Kevin Lucero, Javier Lecumberri (PSN TP), Txomin González, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu TP), Isabel Aranburu (Geroa Bai TP), Irene Royo (PPN TP), Daniel López (Contigo-Zurekin TP) eta Maite Nosti (Vox FPE).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (2024ko 117. NPAO, 2024-10-15ekoa)