Nafarroako Gobernua premiatzen da areagotu ditzan hizkuntzak jakitearen garrantziaren inguruko sentsibilizazio kanpainak
2022/2023 ikasturtean Tuterako Hizkuntza Eskolan egun eskaintzen diren hizkuntza guztietan eta maila guztietan matrikulatzeko aukera gorde dezaneskatu du Ganberak
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSNren aurkakoarekin (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dte bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “areagotu ditzan hizkuntzak jakitearen garrantziaren inguruko sentsibilizazio kanpainak, bai eta Iruñeko zein Tuterako hizkuntza eskolak balioan jartzeko publizitate kanpainak ere”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “2022/2023 ikasturtean maila guztietan matrikulatzeko aukera gorde dezan, Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean egun eskaintzen diren hizkuntza guztietan”.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “kontuan hartuta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialaren tamaina eta aukerak, bertan ekintza positiboko neurriak ezar ditzan, bazter uzteko matrikulazioko gutxieneko kopuru baten betebeharra modu zurrunean aplikatzea, halako moduz non, planteamendu pedagogiko zuhurrei jarraituz, ahalbidetuko den gisa bereko mailetan matrikulatutako ikasleak elkartzea, hizkuntza eskola horretan ikasi nahi dutenetatik inor bertatik kanpo gera ez dadin”.
Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Tuterako Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren arteko koordinaziorako mekanismoak ezar ditzan, bultzatze aldera helduek hizkuntzak ikasteko eskaintza integral bat, haien beharrizan eta interes ezberdinei erantzunen diena”. Atal hau Navarra Sumak aurkeztutako eta Geroa Baik, ekimenaren titularrak onartutako aldatzeko zuzenketa baten ondorioa da.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Hezkuntza Departamentuak 2022/2023 ikasturterako Tuterako Hizkuntza Eskolan iragarri duen talde murrizketa salatzen du, izan ere, ingelesean 26 taldetik 22ra, frantsesean 8tik 6ra eta euskaran zein alemanean 6tik 3ra jaistea aurreikusi du. Murrizketa hau “Erriberarako galera garrantzitsua izanen litzatekeela eta ikasleen ikasketa prozesuaren jarraipena ezineko bihur lezakeela” adierazi ostean, eskaintza orokorra hobetzearen alde egiten da, “herritarren beharrizan eta eskaeretara egokituz, eta inoiz ez murriztuz”.
Ildo horretan, sustatzaileak oroitarazten du Tuterako Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Ikastetxe Publikoak 2019-2020 ikasturtetik, euskarazko oinarrizko prestakuntza eskaini duela hainbat tokitan, esaterako, Tuteran, Cascanten, Corellan, Castejonen edo Cortesen, guztietan matrikula “arrakastatsuarekin”, erakutsiz “eskaintza publikoa herritarren eskarietara egokitzen denean (matrikulen prezioa, hurbiltasun fisikoa edo asteko ordu kopurua, besteak beste) nabarmen handitzen dela ikasleen interesa matrikulatzeko”.
Horregatik guztiagatik, eta gaineratuz 2016-2019 aldirako Euskararen Lehen Plan Estrategikoak jasotzen duela “pixkanaka, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eskaintza eta toki kopurua handitzea eta egoera estrategikoa eta eskaria kontuan izanik, beste udalerri batzuetan ematea hizkuntza eskolan matrikulatzeko aukera”, ebazpenak Tuterako Helduen Oinarrizko Hezkuntzako Ikastetxe Publikoarekin elkarlana abiarazteko deia egiten du, 2022/2023 ikasturtean maila guztietan matrikulatzeko aukera manten dadin Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialean egun eskaintzen diren hizkuntza guztietan.
Patricia Fanlok (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Pedro González, Cristina Ibarrola, Elena Llorente, Iñaki Iriarte, Alberto Bonilla, Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), Jabi Arakama, María Solana (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Patricia Perales (EH Bildu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (75. NPAO, 2022-06-08koa)