Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Otsailak 4

Nafarroako Gobernua premiatzen da 65 urtetik gorako pertsonek alokairu babestuko eskaintzan parte hartzeko modua arau dezan

Beharrezkoak diren arau-aldaketak eskatzen dira etxebizitza egokituak, norberarenak zein errentan hartutakoak, eskuragarri jartzeko, gazte eta familia zaurgarriekin egiten den bezala

Parlamentuaren Osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua premiatzen baita “beharrezkoak diren araudi-aldaketak egin ditzan, halatan 65 urte baino gehiagoko pertsonek, batez ere bakarrik edo beren ezkontidearekin bizi direnek, modua izan dezaten alokairu babestuko eskaintzan parte hartzeko, baita jadanik etxebizitza baten jabe direnean ere, baldin eta etxebizitza hori Nasuvinsa sozietate publikoak kudeaturiko Alokairu Poltsaren programarako lagatzen bada”.

 

EH Bilduk aurkeztu duen eta Geroa Baik, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez bigarren atal bat erantsi zaio ebazpenari, zeinaren bidez Lurralde Antolamenduko, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari eskatzen zaio, "udalekin lankidetzan, Elkarlaneko Etxebizitzak Ezartzeko Plan bat diseina dezala, bizi-independentzia eta adinekoen premia espezifikoei erantzunen dieten beste bizitoki-eredu batzuk bultzatzeko oinarrizko laguntza uztartuko dituena, hala nola elkarlaneko etxebizitzak, tutoretzapeko pisuak eta abar".

 

Era berean, eta EH Bilduren eskariz, bultza egiten da araudi horretan “etxebizitza babestuaren programarako sarbidea baldintzatuko duten ondare- eta errenta-irizpideak” ezartzeko. Era berean, bultza egiten da “jabetzako etxebizitzarik ez duten pertsonei alokairu poltsako etxebizitzetarako lehentasunezko sarbidea bermatzeko".

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak pertsona zaharrenen erronka, premia eta kezkei erantzuteko borondatea agertzen du, errealitate eta eskakizun berri eta askotarikoei erantzuteko. Etxebizitza arloan egiten ari den estrategia integralaren baitan, eta beti ere, garapen jasangarrirako eta hiri-jasangarritasunerako europar estrategien ildoari eta 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuei jarraikiz.

 

Ildo horretan, eta zahartze aktibo eta osasungarriko ekimenekin bat eginez, ezinbestekotzat jotzen da haien errealitateari egokituriko etxebizitza irisgarriak eskaintzea, izan ere, pertsona horiek jadanik etxebizitza baten jabe izan ohi direnez, ezin izaten dute alokairu-eskaintza publikoez baliatu; baina aldi berean, haien diru-sarreren murritza dela-eta, ezinezkoa gertatzen zaie beren etxebizitzaren efizientzia energetikoaren edo irisgarritasunaren hobekuntzarako birgaitze-inbertsioei ekitea.

 

Hori dela eta, pertsona hauek dauden eskaintzak balia ditzaten eta aurki egitekoak diren alokairu babestuko etxebizitzak eskuratzeko ahalmena izan dezaten, araudia aldatzeko deia egiten da, alokairuko etxebizitza publikoko programa ezberdinetako prozedurei eta eskuratze baldintzatuko baremoei dagokienez.