Nafarroako Gobernua premiatzen da 0-3 zikloan udal ikaspostuen euskarazko eskaintza egoki banatuta egon dadin hiri osoan zehar
0-3 zikloaren titulartasuna bere gain har dezan eskatu dio Legebiltzarrak Foru Exekutiboari, haur hezkuntzako etaparen parte den heinean
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “datorren ikasturterako 0-3 zikloan udal ikaspostuen euskarazko eskaintza egoki banatuta egon dadin hiri osoan zehar, hain zuzen ere gaur egun gaztelaniazko haur eskoletan dagoen bezala”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “bere gain har dezan 0-3 zikloaren titulartasuna, haur hezkuntzako etaparen parte den heinean, eta haren egitura eta curriculuma jorra eta zehatz ditzan, kontuan hartuz egitura zein antolaketa arloan diren aukera ezberdinak (0-6 ikastetxe publikoak, 0-3/0-6 ikastetxe integratuak edo haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeekin lotuak, besteak beste), oso bereziki landa eremuko eskolan”.
Mozio originalak beste hiru atal zituen, baztertuak izan direnak, eta Gobernua premiatzen zuten “errefusa dezan Iruñeko Udalak aurkeztutako 0-3 zikloko ikastetxeen hizkuntza-eskaintzaren proposamena”.
Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “lehenbailehen abiaraz dezan lan, bilera eta elkarrizketarako esparru bat, non egonen baitira 0-3 zikloarekin lotutako alde guztiak, legegintzaldi honetarako gobernu-akordioan jasotakoa garatzeko helburuarekin”. Atal hau eta aurrekoa Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin baztertu da.
Beste atal bat ere alde batera utzi dute, zeinak Gobernuari eskatzen zion “Iruñeko Udalarekin adostu dezan Haur Hezkuntzako 0-3 ziklorako udal eskaintza bat, ehuneko ehun erantzunen diona 3-6 zikloan ematen diren hizkuntza-ereduetako edozeinetan dagoen eskaerari (G eta D ereduak)”. Navarra Sumak aurka bozkatu du, PSNk abstentzioa eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde, eta berdinketa dela-eta, “boto ponderatuaren” bidez argitu da bozketa.
Zioen azalpenean, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako ebazpenak taldeen “desadostasuna” agertzen du Iruñeko Udalak dituen haur-eskoletan datozen urteetarako eginen den euskarazko hizkuntza-eskaintzari buruzko akordioari dagokionez, izan ere, beste arrazoi batzuk medio, “ez dira kontuan hartuak izan haur eskoletako zuzendaritzak”.
Eskola hauetako hamaika zuzendarik igorritako gutunari erreferentzia egiten dio ebazpenak, zeinetan adierazten baituten hizkuntza-ereduaren aldaketa horiek “ez direla behar bezalako zorroztasun pedagogikoarekin planteatzen ari, eta ez direla behar adina aztertu eraginen dituzten ondorio eta zailtasun pedagogiko edo antolamenduzkoak”.
Ebazpena sustatu duten taldeek uste dute, gainera, hamasei haur eskoletan eskaintzen den euskarazko ikaspostu kopurua “ez delaa aski, eta oso urruti dagoela sare publikoko D ereduko matrikulazioaren % 30-35era iristetik”. Horrez gain, adierazten dute euskarazko eskaintza ez dagoela hirian ekitatez banatua, eta proposamena sindikatuek eta langileek ere “errefusatzen dutela”.
Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan parte hartu dute Pedro González, Isabel Olave, Raquel Garbayo, Jorge Esparza, Elena Llorente, Javier García (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariek.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (21. NPAO, 2021-02-16koa)