Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 31

Nafarroako Gobernua premiatu dute Nafarroako ubidearen Bigarren Fasearen lizitaziorako izapideak arindu ditzan

UPNk lurralde orekaren, aukera berdintasunaren eta garapen jasangarriaren arrazoiak aipatu ditu proiektu estrategiko bat sortu eta garatzeko aurrerapenak egon daitezela eskatzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, Nafarroako Gobernua premiatzen duena “Itoizko urtegiaren obrak garatu zitezela sustatu zuten gobernu, talde politiko eta erakunde sindikal nahiz sozialei eskerrak emateko, azpiegitura horren aurka jardun zutenen eta eraiki zedila ahalik gehien atzeratu zutenen aldean”. UPNk, PSNk, PPNk eta Voxek alde bozkatu dute, Geroa Bai abstenitu egin da eta EH Bilduk eta Contigo-Zurekinek kontrako botoa eman dute.

 

Onetsi den erabakiaren bigarren puntuan Foru Legebiltzarrak baieztatzen du “Itoiz urtegia eta Nafarroako Ubidea eraikitzeko beharra zegoela eta erabaki zuzena izan dela, gure Foru Komunitatea egituratzen baitute eta ura –ondasun eskasa eta funtsezkoa– eramaten dutelako Erriberatik Erdialdean zehar eta Lizarraldearen zati handi bateraino”.

 

Halaber, hirugarren apartatuan Foru Legebiltzarrari eskatzen zaio “ahalik gehien arindu ditzala Nafarroako Ubidearen bigarren fasea lizitatzeko izapideak”.

 

Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “ 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar adinako zenbatekoa kontsignatu dezan obra hori ahalik arinen lizitatzeko asmoz”.

 

Bestalde, planteatzen da “udalak, ureztatzaileen komunitateak, nekazaritzako erakundeak eta abar animatzea aktiboki parte hartzera eta ahal duten heinean bermatzera ura Erriberara berehala iristen dela”.

 

Horrez gainera, Foru Legebiltzarrari eskatzen zaio “Nafarroaren eta Estatuaren arteko akordioaren 4. aldaketa ahalik arinen egin dezala, berebizikoa baita obrak lizitatu ahal izateko”.

 

Hori horrela, Nafarroako Gobernuari agintzen zaio “behar diren proiektuak eta partzelen bilketako garapenak abian jar ditzala hodi nagusien obrak lizitatzen diren unetik aurrera”.

 

Azkenik, Foru Legebiltzarra animatzen dute “toki erakundeek, ureztatzaileen komunitateek eta ukitutako beste eragile batzuek helarazten dizkieten premiei eta planteamenduei entzun diezaien, Nafarroako Ubideak dakarren aberastasunaren banaketa ekitatiboa egite aldera”.

 

PPNk bi zuzenketa aurkeztu ditu, baina ekimena sustatu duen UPNk ez du bat ere onartu. Lehenengoa gehitzekoa izan da, eta hauxe iradokitzen zuen: “aztertzea eta ahalbidetzea bigarren faseko proiektuan ureztatzeko azalerak handitzeko aukera egon dadila, bai eta hasiera bateko udalerri onuradunak ere, uraren aldetik erabilgarri dauden baliabide errealen arabera eta, kasua bada, CHEk gainbegiratuta eta zainduta”.

 

Bigarrenak, laugarren puntua ordeztekoak, honako hau babesten zuen: “2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar adinako zenbatekoa kontsignatu dadila obra hori ahalik arinen lizitatzeko”. Eta “mailegu nahiz kredituren bat edota finantzatzeko beste formularen bat adostuz gero”, eskatzen zen konpromisoa hartu zezatela “Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordio baten bidez ziurtatzeko, bakoitzak sozietate publikoan izanen duen partaidetzaren arabera”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako erabakiak “lurralde oreka, aukera berdintasuna eta garapen jasangarria” aipatu ditu proiektu “estrategiko” horren bigarren fasearen lizitazioa berehala ebazteko arrazoi gisa, milaka hektarea ureztatzen has daitezela eta kalitatezko ur edangarria dagoela bermatzeaz gain enpresak finkatzen eta enplegua sortzen lagunduko baitu”.

 

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoEnmiendas PPN no aceptada