Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 27

Nafarroako Gobernua Nafarroako Errepide Sarean inbertitzearen aldeko ituna lortzeko lan egin zezan premiatzen zuen mozioa baztertu da

Errepide-sarea finantzatzeko formula gisa bidesariak erabiltzearen aurka agertu da Navarra Suma eta aurrekontu-zailtasunei aurre egiteko adostasuna eskatu du, babesik lortu gabe

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “lan egin dezan Nafarroako Errepide Sarean inbertitzearen eta sarearen mantentze-lanen aldeko Nafarroako ituna lortzeko, Foru Komunitateko errepideen egoerari aurre egite aldera, zeresana duten eragile guztiekin adostuta”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “ez dezan praktikara eraman, harik eta inbertsioaren eta mantentzearen aldeko itun bat lortu arte, Nafarroako Errepide Sareko errepideetatik zirkulatzeagatiko bidesariak kobratzeko bere ideia”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Espainiako Gobernua premiatzen zen “ez dezan praktikara eraman Espainiako autobietatik zirkulatzeagatiko bidesariak kobratzeko bere proposamena, harik eta Errepide Sare Nazionalerako inbertsio eta mantentze-lanen aldeko itun nazional bat erdietsi arte”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak garraio-sektoreak egiten duen ekarpena balioesten zuen, enpleguari eta diru-sarrerei dagokienez, eta gaitzetsi egiten zituen pairatzen dituzten “aurrekontu-zailtasunak”. Hori dela eta, “adostasunean oinarritutako itun” bat eskatzen zuen, “errepide-azpiegituretan inbertitzearen eta horiek finantzatzearen aldekoa”.

 

Egoera “eutsi ezina” dela eta “toki-sareak balioan jartzeko beharra” azpimarratu ostean, sustatzaileak Espainiako Gobernuaren erabakia errefusatzen zuen, estatu-autobien sarean bidesariak ezartzekoa, uste baitu “alde bakarreko konpromisoa” dela, adostasunik eta elkarrizketarik gabekoa, Bruselara bidalitako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean argi eta garbi azaltzen dena, hurrengo hiru urteetan 70.000 milioi euroko laguntza ez-itzulgarriak jaso izana justifikatzeko".
 

Horregatik guztiagatik, eta "errepide-sarea kontserbatzeko Espainiako eta Nafarroako gobernuen formula gisa bidesaria" oinarri duen diru-sarreren sistema horren aurrean, "gure errepideen etorkizuna eta mantenua modu mankomunatuan aztertu, proiektatu eta aurreikusteko beharra" azpimarratzen zen. “Navarra Suma beti agertu da bidesari horien aurka".