Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Irailak 18

Nafarroako Gobernua Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik beherako pentsio guztiak osa ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Lege proiektua eskatu baino lehenago azterlan bat egiteko eskatzen da eta proiektu horrekin batera arian-arian aplikatzeko plan bat egon dadila

Parlamentuak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “azter dezan zenbat diren Nafarroan LGStik beherako pentsioa duten pertsonak eta zer kostu ekarriko lukeen pentsio horiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura LGSrekin parekatzea, gaur egun alargun-pentsioekin egiten den bezala”.

Mozioak beste bi idatz-zati zituen, biak ala biak UPNk eta PPNk haien kontra eman dituzten botoekin eta SNren abstentzioarekin bazter geratu direnak.

Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek eman duten babesa ez da nahikoa izan Nafarroako Gobernua premiatzeko “lege proiektu bat igor dezan, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik beherako pentsioak osatzeari buruzkoa, horrela gaurko alargun-pentsioen osagarria LGStik beherako pentsioa duten pertsona guztiei hedatzeko”.

Horrez gain, ez da nahikoa izan eskatzeko “Foru Lege proiektu honekin batera plan bat egon dadila, osagarri hori arian-arian aplikatzeko horren xede izan daitezkeen pertsonei, 1. puntuan eskatzen den azterlanean ondorioztatzen diren kostuaren eta hura jasotzeko ahalmenaren arabera”.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenaren arabera, “bidezkoa da osasun edo adin kontuak direla-eta lanean sartzeko egoeran ez dauden guztiek, eta ez bakarrik alargun-pentsioak jasotzen dituztenek, kobratzea LGSren pareko gutxieneko zenbateko bat”.

Proposatu duen taldeak Gizarte Politiketako kontseilariak emandako erantzuna aipatzen du. Kontseilariaren arabera, “Nafarroako Tributu Ogasunetik ezin da jakin Nafarroako Gobernuari zer kostu ekarriko liokeen Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik beherako alargun-pentsioak dituztenek kobratzen dutenaren gisako osagarri bat paratzeak” eta oroitarazten dio “askoz gastu txikiagoa ekartzen du gaur egun, gutxieneko pentsioak igo direlako eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata hainbat aldiz izoztu delako”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 63. zk., 2014-05-09koa)