Noiz argitaratua Ostirala, 2013.eko Maiatzak 24

Nafarroako Gobernua hezkuntza premia eta hirigintza-garapen berrietara egokitutako eskolatze-politikak eta hezkuntza-dotazioak abian jar ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Ez dira aurrera atera Donapearen lekualdatzea bertan behera geratzeko, Iruñearen eta Iruñerriaren zonifikazio berri bat egiteko eta 0-3an onartzeko irizpideak aldatzeko eskariak

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “hezkuntza-premia eta hirigintza-garapen berrietara egokitutako eskolatze-politikak eta hezkuntza-dotazioak abian jar ditzan eta hezkuntzaren kalitate-maila bera ziurta dezan ikastetxe guztietan, hezkuntza-kalitatearen eskakizunei erantzun diezaieten, haien kokalekua edozein dela ere”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat zuen, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta SNren abstentzioarekin bazter geratu dena, zeinetan, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “egin ditzan ondoren aipatzen diren hezkuntza-azpiegituretako obrak, ikastetxe horiek erantzun ahal izan diezaieten bere inguruneko eskolatze beharrizanei, halako moduz non funtzionamenduan egonen baitira kasu bakoitzean aipatzen den datarako: Erronkariko “Julián Gayarre” ikastetxe publiko eraikin berria 2014-2015 ikasturterako; Cascanteko “Santa Vicenta María” HLHIPrako eraikin berria edota egungoa eraberritzea 2014-2015 ikasturterako; Castejóneko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako instituturako eraikin berria 2015-2016 ikasturterako; Sarrigurengo Haur eta Lehen Hezkuntzarako instalazio berriak 2014-2015 ikasturterako, Bigarren Hezkuntzarako instalazio berriak 2015-2016 ikasturterako, Haur Hezkuntzako lehen ziklorako (0-3 urte) instalazio berriak 2014-2015 ikasturterako; Iruñeako Arrotxapea auzoko Bigarren Hezkuntzako instituturako eraikin berria (Biurdana BHI Beteta dago eta inguruan ez dago eskaintza publikorik) 2014-2015 ikasturterako; Iruñeako “Sanitaria” BHIrako instalazio berriak 2014-2015 ikasturterako eta Donapeako IPIko instalazioen eraberritzea 2016-2017 ikasturterako.

Era beran eta aurreko biak bezala UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta SNren abstentzioarekin bazter geratu den hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “egungo Donapea IPIa lekuz aldatzeko proiektua bertan behera utz dezan”.

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “alda dezan irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan eskolatzeari buruzko araudia eta Iruñerrian zonifikazio berri bat egin dezan, lehentasuna emanez, ikaspostuak banatzerakoan, ikaslearen bizilekua ikastetxetik gertu egoteari; halaber, premiatzen du hezkuntza-konpentsaziorako elementuak ezar ditzan landa eremuan eta beharrezkoa den auzoetan”.

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “alda ditzan 0-3 urteko ikasleak ikastetxe publikoetan onartzeko irizpideak, langabezian dauden familiei kalterik ez egiteko lana duten familien aldean”.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpena iragan maiatzaren 9an Osoko Bilkuran eztabaidatu zen azpiegitura publikoen hornikuntzari buruzko jabeldurari zegokion.

Proposatu duen taldearen iritziz hezkuntza-azpiegituren “gabeziak” “agerikoak” dira. Besteak beste, Hezkuntza Departamentua “sustatzen ari den eskolatze-eskaintzaren eta -eskariaren antolamenduak eta hezkuntza-azpiegituren politikak ez baitio erantzuten aukera-berdintasuna, hezkuntza-konpentsazioa, ikasleen sozializazioa, bizikidetza eta eskola bere ingurunean txertatzea bultzatzen duen hezkuntza sistema publikoaren eredu bati”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 53. zk., 2013-05-21ekoa)