Nafarroako Gobernua eta Estatuko Gobernua premiatzen dira jaiotza-baimenak zabaltzera familia gurasobakarretara
Ganberak hainbat auzitegiren doktrina aipatzen du, zeinaren ustez, seme-alabatasun lotura ez da erabakigarria adingabearen zaintza eta arretari eta haren eskubideei dagokienez
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “alda dezan Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 16. artikulua, halako moldez non baimena 17 astez luzatuko baita familia gurasobakarren kasuan”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernuari eskatzen dio “familia gurasobakarretako gurasoentzako amatasun eta aitatasun-baimenak 32 astera arte luza ditzan”.
Onetsitako testua Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu duten eta EH Bildu ekimenaren titularrak onetsi duen ordezteko in voce zuzenketa baten ondorio da.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Coruñako 2. zenbakiko administrazioarekiko auzietako epaitegiaren epai bat aipatzen du. Epai horrek, 2022ko otsailaren 17koak, Administrazioaren irizpidea ezeztatzen du, eta bikotekiderik gabeko ama funtzionario bati 32 asteko baimena aitortzen dio semea jaiotzeagatik, bermatuz legeak familia tradizional bateko guraso bakoitzari ematen dion denbora gehitzeko eskubidea.
Horri dagokionez, eta guraso bakarreko familiek duten “desabantaila” zuzentzeko asmoz, baita sexuari dagokionez ere, familia-unitate mota hori gehienbat emakumeek osatzen baitute, defendatzen da indarrean dagoen erregulazioa hainbat autonomia-erkidegotako auzitegiek egindako interpretaziora egokitu behar dela, zeinak irizten baitu “familia gurasobakarraren aldeko hautuak ez duela seme-alabatasun lotura bestelakorik tankeratzen, adingabearen zaintza eta arretari eta haren eskubideei dagokienez”.
Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Marta Álvarez, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Jorge Esparza, Isabel Olave, Javier García (Navarra Suma), Nuria Medina, Inma Jurío (PSN), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales, Adolfo Araiz (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (95. NPAO, 2022-09-06koa)
Archivos adjuntos