Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Martxoak 22

Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen dira Kolonbiako bake-prozesuarekin duten konpromisoa areagotzera

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak onetsi du. 2023ko martxoaren 22an 

1.- Nafarroako Parlamentuak:

 

a) Babes argia adierazten die bake prozesuari, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta errepikapenik ezerako sistema integralari, zeinen parte baita Egia Argitzeko Batzordea, Bake Jurisdikzio Bereziari eta Desagertutzat emandako Pertsonak bilatzeko Unitateari; eta dei egiten du –akordioa sinatu zenetik sei urte joan diren honetan– gatazka behin betiko amaitzeko akordioaren alderdi guztiak oso-osorik ezartzera, bake justu eta iraunkorra egon ahal izateko.

 

b) Adierazten du bat datorrela eta konpromisoa duela Kolonbiako Gobernu berriak iragarritako erabateko bakearen helburuarekin.

 

c) Bat dator ELNrekin elkarrizketak berriz hasteko prozesuaren balorazio positiboarekin, gatazkaren behin betiko eta negoziatutako irteera lortzeko helburuarekin, haren egiturazko kausei erantzun integrala emanez, eta abegi ona egiten dio gobernu berriak legez kanpoko egitura armatu guztiei egindako deiari, amaieran horien guztien desagerpena ekarriko duen prozesu bat abiatzeko.

 

d) Konpromisoa adierazten du Kolonbiako Kongresuarekin eta haren Bake Batzordearekin lankidetzan eta trukean aritzeko, Kolonbian erabateko bakea eraikitzea xede.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Gobernuari honako hau eska diezaion:

 

a) Jarrera proaktiboa izaten jarraitu eta hura areagotu dezan eta bere ahalmen diplomatiko guztia baliatu dezan Kolonbiako Gobernuaren aitzinean, bake prozesuari jarritako oztopoak desagerrarazteko eta helburu hori bera plantea dezan Europar Batasunaren esparruan.

 

b) Nazioarteko babesa eskatzen duten errefuxiatu kolonbiarrak babesteko asilo politikarekin jarraitu eta hura hobetu dezan, eta indartu ditzan bai arrisku-egoeran dauden giza eskubideen defendatzaileak babesteko programak eta ekimenak, bai eskubideak defendatzen dituzten kolektibo eta komunitateei lurraldean bertan laguntzen dieten nazioarteko lankidetzaren arloko politikak.

 

3.- Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuarengana jo dezan, horrek bete egin dezan Iberoamerikar Aferen Batzordeak onetsitako erabaki-proposamena, honako hauetarakoa:

 

a) Kolonbiak erabateko bakearen erdiespenerako dituen ahaleginekiko konpromisoari eustea. Aipatu konpromisoak Kolonbiako Gobernu berriak iragarri ditu.

 

b) Bere jarrera proaktiboa areagotu dezan eta bere ahalmen diplomatiko guztia erabil dezan Kolonbiako Gobernuarekin, bake-prozesuaren oztopo guztiak kentze aldera.

 

c) Sinatu zenetik sei urte igarotzean aldeztu dezan gatazka behin betiko amaitzeko Akordioaren alderdi guztiak oso-osorik ezartzea, herri hartan bake justu eta iraunkorra egon ahal izateko.

 

d) Segi dezan duda-mudarik gabeko babesa ematen bake prozesuari eta, bereziki, egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta errepikapenik ezerako sistema integralari, zeinen parte baita Egia Argitzeko Batzordea, eta, lana amaitu duen une zehatz honetan, haren Legatuari, Bake Jurisdikzio Berezia eta Desagertutzat emandako Pertsonak bilatzeko Unitatea.

 

e) Segi dezan sostengua ematen, nazioarteko lankidetzazko eta diplomaziazko bideei helduz, Bake Akordioaren eta bake-agenda berriaren ezarpenari, bai eta egiturazko desberdinkerien aurka lurralde-mahai humanitarioak bezalako lurralde-ikuspegizko borrokari, etnia-ikuspegizkoari eta genero-ikuspegizkoari.

 

f) Aldeztu dezan, Nazio Batuen ildo berean, Nazio Askapenerako Armadarekiko elkarrizketei berrekin dakiela, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa oinarri hartuz, gatazkarako behin betiko irtenbide negoziatua lortze aldera, horren kausa egiturazkoei erantzun integrala emanez; halaber, legez kanpoko egitura armatu guztiei horien desagerpenerainoko prozesu baten alde Gobernuak eginiko deiari sostengua eman diezaion.

 

g) Gobernu honek Asilo Bulegoan hasitako hobekuntzei jarraipena ematea, asilo-sistemari eraginkortasun eta babes handiagoa ematekoei.

 

h) Kolonbiako Kongresuarekiko lankidetzarako eta trukerako konpromisoa azal dezan, batez ere haren Bake Batzordearekikoa, Kolonbian Erabateko Bakea eraikitzeko beharrezkoa den orotan. Halaber, nork bere ordezkaritza-esparrutik ekintza bateratuak koordinatzen segi dezan.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. 

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onetsi da.