Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Martxoak 21

Nafarroako Gobernua Espainiako Errege Akademiarekiko konpromiso ofizialak bete ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, PPNk eta I-Ek haren alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Nabai-k eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Espainiako Errege Akademiarekin hartutako konpromiso ofizialak bete ditzan”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Espainiako Errege Akademiari eta bere fundazioari urtero ordain diezaien ekarpen ekonomikoa”.

Era berean eta hirugarren atal batean, premiatzen da “Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Planaren barruan, Juan Manuel Fernández Pacheco eta haren obra ezagutaraztea lagunduko duen testu jendarteratzaile bat egitera”

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Espainiako Errege Akademiarekiko eta Martzillako Udalarekiko hitzarmen bat bultza dezan erakunde horren sortzearen 300. urteurrena ospatzeko ekitaldi programa bat egitera”.

Hirugarren eta laugarren idatz-zatiak Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako eta ekimenaren titular PPNk onetsi duen ordezkatze-zuzenketa baten ondorio da.

Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek aldatze-zuzenketa bat aurkeztu dute, PPNk bazter utzi duena, zertarako eta “hizkuntza guztiak gizadiaren ondare direla, eta ondare hori eralgi ezin den jasotako oinordetza batetik datorrela” aitortzeko.

Hortik aurrera, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “hizkuntzen existentzia eta garapena zaintzen duten erakundeekin hizkuntzak mantentzera”, eta, “erakunde lankidetza lan” horren esparruan, premiatzen zen “Nafarroako berezko hizkuntza izan arren gutxitua den euskara babestera, duintzera eta sustatzera”. Horretarako, “eraginkorra izateaz gain, euskararen normalkuntzarako beharrezkoak diren eta horretara bideratuta dauden baliabideak izango dituen” hizkuntza-politika bat eskatzen zen.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatutako ebazpenak Nafarroak “Fundación Pro Real Academia Española” izenekoarekin eta Espainiako Errege Akademiarekin duen konpromisoari dagokio, eta, eskatzen du 1998an erabakitakoa errespetatzea, hau da, erkidego bakoitzak 30.000 euroko ekarpena egitea; izan ere, Nafarroako Gobernuak ekarpena azken aldiz 2005ean egin baitzuen.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozio argitalpena (NPAO, 30. zk., 2013-03-18koa)
Iruñean, 2013ko martxoaren 21ean