Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Urriak 9

Nafarroako Gobernua ekintzailetza sustatzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Administrazioa erraztuta, Nafarroako enpresen esportazio-gaitasuna sustatuta eta kanpoko inbertsioa erakarri eta eutsita

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta I-Ek haren aurka eman duen botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “ekintzailetza sustatzeko neurriak har ditzan, izapide administratiboak erraztearen, Nafarroako enpresen esportazio-gaitasuna sustatzearen eta Foru Komunitatera kanpoko inbertsioa erakartzen eta dagoenari eustearen bidetik, mozio honen zioen azalpenean adierazitakoarekin bat”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen ebazpenak “jarduera ekonomikoa suspertzearen arloan ere UPNren Gobernuaren gelditasuna nabarmena” dela dio eta ekintzailetza eta jarduketa bultzatze aldera, administrazioa errazteko neurriak hartzera, esportazio-jarduera sustatzeko neurriak hartzera, eta atzerriko inbertsioa atzemateko eta atxikitzeko neurriak hartzera dei egiten du.

Lehenengoei dagokienez, proposatzen da aldez aurreko baimen asko ondorengo kontrol bihurtzea; leihatila bakarra sustatzea enpresen sorkuntzarako, bai eta Europar Batasunetik datozen laguntzak eta Europako Inbertsio Bankuaren finantzaketa eskuratu ahal izateko; espediente bakarra egotea administrazio guztietarako; eta enpresa-sorkuntza eta lurraldean jarduera ekonomikoak ezartzea arautzen duten araudi eta legedi sektorial ezberdinak berrikustea.

Nafarroako enpresen esportazio-gaitasuna sustatzeko neurriei dagokienez, gomendatzen da nazioartekotzeko estrategia berria abian jartzea; Nafarroa-iraungarritasuna-kalitatea marka sustatzea nazioarteko erreferente gisa lurraldearen kalitatezko erabilerari eta bizi-kalitateari, energia berriztagarriei, iraungarritasunari, etxebizitza publikoari, eraginkortasun eta efizientzia energetikoari, ingurumenaren kalitateari, azpiegitura eta dotazioei, bai eta nekazaritzako eta industriako produktuen marka bat izatea ere; eta erakundeek nazioarteko foro guztietan parte hartzea, Euroerregioan barne.

Eta Nafarroan atzerriko inbertsioa atzemateko eta atxikitzeko neurriak hartzeari dagokionez, besteak beste, aipatzen dira Atzerriko Inbertsio Zuzenerako Estrategia ezartzea, aurreikusiko dituztenak sozietateen gaineko zergan atzerriko kapitalarekin enplegua eta oinarri teknologikoa duten enpresak sortzera bideratutako kapital inbertsioetatik eratorritako etekinei dagokienez, betiere enplegua ziurtatzen badute. 3-5 ekitaldiko sabuespen-aldia izango dute.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 95. zk., 2014-09-05ekoa)