Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Martxoak 21

Nafarroako Gobernua Comptos Ganberak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari buruz eginiko gomendioak bete ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur “Nafarroako Gobernua Comptos Ganberak Nafarroako Enplegu Zerbitzuari buruz eginiko gomendioak bete ditzan” premiatzen duen ebazpena.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jarduerari buruzko arauetan egin beharreko aldaketak egin ditzan, proposamen horiek jasotzen aldera”.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatutako ebazpena Comptos Ganberak helarazitako fiskalizazio txotenari dagokio. Txosten horretan, azpimarratzen da ezin izan dela “balorazio orokorrik egin Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eraginkortasunari, efizientziari eta ekonomiari buruz” eta txostenean jasotako gomendioak jarraitzera premiatzen zuen.

Txostenean jasotzen diren gomendioen artean, jasotzen dira besteak beste, baremoak berrikustea, izan ere, baremoek “ia ezinezko egiten dute zentro gehiago atxikitzea prestakuntza jarduerei”; ekiditea entitate batek Nafarroako Enplegu Zerbitzua bezalako erakunde bateko zuzendaritza organoetan dagoen aldi berean –lankidetza hitzarmenerako aurretiazko onespena ematen dute– horien onuradun izan ahal izatea, adibidez, “enplegurako lanbide heziketako diru-laguntzen” esparruan; eta programetan jasotako jarduerak balioesteko irizpideak aldatzea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomoa, Foru Komunitatean gauzatzen diren enplegurako politika aktiboak kudeatzeko tresna da. Enplegurako politika aktibotzat jotzen da enplegua, enpleguaren kalitatea eta emankortasuna hobetzea eta kohesio soziala indartzea helburu duten programa oro.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 16. zk., 2013-02-11koa)